Albisteak
2023·03·01
Urtero legez, aurten ere, Martxoak 8 Emakumearen Nazioarteko Eguna aldarrikatu nahi dugu herrian. Emakume guztien eskubideak aldarrikatzeko eguna. Horretarako, herriko hainbat eragilek eta Udalak zenbait ekintza antolatu dituzte eta herritar guztiei ekintzetan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diete.
Otsailaren 28an ospatu zen Osoko Bilkuran, Udalak aho batez Martxoaren 8ko Adierazpen Instituzionala onartu zuen.
Egunean bertan, martxoaren 8an, 12:15ean Udaletxe aurrean konzentrazioa eta 18:00etan manifestazioa egingo da. Manifestazioa Emakumeon Plazatik abiatuko da eta Erriberan amaituko da. Ondoren, Donostian jarraitu nahi dutenek, Urumea Berrin autobusa hartu ahalko dute.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurten Martxoaren 8rako Denon bizitzak erdigunean lelopean, zaintzaren sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzeko deia luzatzen du. Udalak bat egiten du aldarrikapen horrekin.
Oraindik ere emakumeen gain daudelako zaintza-lanak profesional eta ez profesionalak, emakumeei aitortza egiteko eta aktiboki aldarrikapena egiteko beharra bistaratzeko asmoz, herriko hainbat saltokitan emakumezkoei lore bana banatuko zaie.
Gaztelekuan nerabeekin hainbat ekintza antolatu dituzte: martxoaren 4an, sukaldaritza erotiko maskulinoa tailerra; martxoaren 6tik 10era lehiaketa sare sozialetan, emakume erreferenteei buruzko galderekin eta martxoan zehar monografikoa hainbat alorretan erreferenteak diren emakumezkoei buruzkoa.
Xaguxar asialdi-taldeak antolatuta, martxoaren 3an, Joseba Barandiaran Plazan, haur eta gaztetxoentzako ekintzak egongo dira, emakume erreferenteak ikustarazteko xedearekin.
Emakumeon Etxeak eta Gazte Asanbladak martxoaren 11n egun berezi bat antolatu dute guztiontzat. Goizean, 11:30ean, “Musika, bizipenak eta generoa" solasaldia. 14:00etan bazkaria eta, bazkalostean, 16:30ean, Jam sesioa. Ekintza guztiak Emakumeon Etxean bertan izango dira.
Erriberan zenbait emanaldi egongo dira emakumeak ardatz hartuta: martxoaren 4an, “Luze edo motz”, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen ikuskizuna; martxoaren 10ean, “Elbira”, Elbira Zipitriari buruzko dokumentala; martxoaren 11n, AMARAUN, Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak musika, kantua eta dantza uztartzen duen ikuskizuna, amatasunaz hausnartzeko; martxoaren 26an, “Ellas hablan” filma, 2022ko Oscar sarietarako film onenaren sarirako izendatua.
Emakumeon eskubideak martxoak 8an ez ezik, egunero aldarrikatzen jarraituko dugula gogorarazi nahi diogu herriari. Guztiok batera, eskubideen aldarrikapena modu kolektiboan egin dezagun.