Albisteak

Atzealdea Martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna

Gaur Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Astigarragako Udalak dei egiten die herritarrei 12:15etan Foru Plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera. Horrekin batera, otsaileko Osoko Bilkuran, behean ikus daitekeen adierazpen instituzionala onartu zuen Udalak.

2021·03·08


MARTXOAREN 8a, ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Urtebete pasa da COVID-19a azaldu eta gure bizitzeko modua irauli zuenetik. Birusaren agerrerak krisi multidimentsional eta sistemiko bat ekarri digu, aurrekaririk gabekoa, lehendik zetozen beste krisi batzuekin gurutzatu dena.

Inoiz baino gehiago, bizitza duin eta justuaren aldeko apustua egiteko unea da. Horrek erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan begirada feminista izatea eskatzen du, dagoeneko egiaztatuta baitago emakumeek* gizonezkoek baino ondorio latzagoak jasan dituztela krisi global honetan. Daukagun erantzukizun publiko handiari esfera globaletik hasita tokian tokiko eremuetaraino erantzun behar diogu. Hori premisa feministetatik egin behar da, plan eta programa eraldatzaileak eginez, larrialdiei arreta emanez eta behar diren baliabide guztiak ahalbidetuz.

Sustapen honen baitan kokatzen da Astigarragako Udalak sustengatu duen Emakumeon* Etxearen proiektua. Eragile sozial honen helburu nagusiena gizarte parekide bat lortzeko pausoak ematea eta emakumeon* ahalduntzea bultzatzea da.

Ekimen honi esker, herriko emakume* zein gizonek feminismoaren inguruan ikasteko, prestakuntza jasotzeko, harremanak saretzeko, eztabaida eta gogoeta feministak pizteko eta aholkularitza juridikoa/psikologikoa/sexuala… jasotzeko aukera izango dute. Zalantzarik gabe, Emakumeon* Etxea giltzarri izango da Astigarraga herri feministagoa bihurtzeko bidean.

Ildo horretatik, martxoaren 8ak udal honek politika publiko-komunitario feministekiko duen konpromiso berresteko balio behar du, krisiaren ondoriozko larrialdiei erantzuteko eta erdigunean bizitza zainduko duen gizarte-eredu baten oinarriak jartzeko.

Hori dela eta, Astigarragako Udalak honako konpromiso hauek hartzea erabaki du:

  1. Kolektibo zaurgarrienen beharren eta COVID-19aren eraginaren azterketa feminista egitea, eta horiei aurre egiteko premiazko neurriak abian jartzea.
  2. Zaintzei eta egungo zaintza-ereduari buruzko eztabaida guneak bultzatzea, mugimendu feminista eta emakumeen elkarte eta kolektibo zabalen parte hartzearekin.
  3. Etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren eredua eta funtzionamendua egokitzea/berrantolatzea edota zabaltzea, identifikatutako beharrei erantzuteko eta lan-baldintzak duintzeko asmoz.
  4. Dauden zaintza-zerbitzuak egokitzea, zerbitzu edo baliabide berriak sustatzea indarkeria matxistari aurre egiteko, batez ere krisialdi honetan areagotu diren hutsuneei aurre egiteko. 
  5. Etxeko langileen egoera identifikatzea eta, eta haien lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko programa integralak abian jartzea.
  6. Hainbat sektoretako zaintzaileen arteko topaketarako espazioak sustatzea, elkar babesa, prestakuntza eta artikulazio politikorako.
  7. Gizarte-bazterketaren errealitateari aurre egiteko dauden zerbitzuak eta baliabideak egokitzea edota baliabide berriak sustatzea, bereziki, eta genero ikuspegi batetik.
  8. Astigarragako Emakumeon* Etxeari behar adina baliabide eskaintzea eta bermatzea. Emakume, nerabe eta neskatoen ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak bultzatzea, elkarte honekin elkarlanean.
  9. Zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz.
  10. Harrera publiko-komunitarioko programak sustatzea etorri berri diren pertsonentzat, kolektibo zaurgarrienei arreta berezia eskainita, genero ikuspegi batetik.

2021-02-23ko Osoko Bilkuran onartutako adierazpena