Albisteak

Atzealdea Martxoa ekitaldiz bete da emakumearen nazioarteko eguna aldarrikatzeko

Martxoaren 8ko emakumearen nazioarteko eguna dela eta, hilabete osoan zehar bereziki emakumeei zuzendutako ekitaldiak antolatu ditu Udaleko berdintasuna sailak, eta herriko emakume feministen taldeak. Hala ere, herritar guztiei zabaltzen zaie ekintzetan parte hartzeko gonbitea,

2020·03·04


Herriko emakume feministek hainbat jarduera antolatu dituzte, emakumearen nazioarteko eguna dela eta, martxoaren 8an. Goizetik arratsaldera bitartean, jarduerak herrian egingo dira, eta dei egin dute arratsaldean guztiak batera Donostiara joateko, indarrak batzeko asmoz.

Martxoaren 8az gain, hilabete osoan zehar emakumeei zuzendutako ekintza ugari prestatu dira. Batetik, Emakumeon Plazako muraleko irudiak osatzeko herriko emakumeen argazki saioak egingo dira. Dagoeneko izen-ematea itxi da, parte-hartzea izugarri altua izan baita, 200 emakumek eman dute izena.

Bestetik, hainbat kultur jarduera antolatu dira; solasaldiak,hitzaldiak, zine foruma, emakumeen dantza, kontzertua eta antzerkiak, besteak beste. Kultur ekintzak Kultur Etxean burutuko dira, eta haurren zaintza zerbitzua eskainiko da, aldez aurretik (3 egun lehenago gutxienez) berdintasuna@astigarraga.eus helbidera idatziz.

Azkenik, hirigintza genero ikuspegitik diseinatzeko bilera irekiak antolatu dira, guztiona eta guztiontzat izango den etorkizuneko Astigarraga eraikitzeko.

Puntu morea

Martxoko larunbat guztietan 19:00etatik 02:00etara Joseba Barandiaran plazan puntu morea jarriko da, indarkeria sexistari buruzko informazioa edo babesa behar duenarentzat.

Egitaraua

  • Martxoak 3, 19:30ean, liburutegian: "Kontrako Eztarritik" liburuaren tertulia.
  • Martxoak 5, 18:00etan: Arrakala orgasmikoari buruzko hitzaldia
  • Martxoak 7, 20:00etan: "Souleko divak" hirukotearen kontzertua
  • MARTXOAK 8 (Herriko emakume feministek antolatuta): Diana; tailer feminista; manifestua; bazkaria; Donostiako manifestaziora (oinez 16:30ean/ autobusez 17:15 A2)
  • Martxoak 10, 17:00etan: "Talentos ocultos" filme feminista eta zine foruma.
  • Martxoak 11 eta 18, 17:30ean: Hirigintza genero ikuspegitik diseinatzeko bilera irekia.
  • Martxoak 12, 14, 17 eta 27: Argazki saioak.
  • Martxoak 15, 13:00etan, Foru plazan: "Irradaka" dantza, herriko emakumeen eskutik.
  • Martxoak 15, 17:00etan: "Mari eta gaileta fabrika" antzezlana, publiko guztiak.
  • Martxoak 26, 18:00etan: "Alu Ulu" sexualitateari buruzko monologoa, gero foroa.

*Kultur jarduerak Kultur Etxean egingo dira, eta haurren zaintza zerbitzua eskainiko da, aurrez (3 egun lehenago gutxienez) berdintasuna@astigarraga.eus helbidera idatziz.