Albisteak
Atzealdea Martxan da Mintzalagun programa
2022·10·24
Ikasturte berriarekin batera, berriz ere abian da Mintzalagun Programa Astigarragan. Egitasmoak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariak) elkartzen ditu; astean ordubetez, euskaraz aritu daitezen.3-4 pertsonako taldetxoak osatuko dira euskara praktikatu eta bizitzeko aukera berriak sortuz.
Parte-hartzea dohainik da eta ikasturte osoan zehar hainbat abantaila eskuratzeko aukera izango da: emanaldietarako txartelak, opariak, deskontuak harpidetzetan…
Ekimena aukera ezin hobea da euskara praktikatu nahi baina norekin egin ez dutenentzat eta baita euskaraz lagun berriak egiteko eta euskara ikasten ari direnei lagundu nahi dieten herritarrentzat ere.
Mintzalagun programa: zer da?
Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin, euskaldun berriekin) elkartzen ditu astean ordubetez, 3-4 pertsonako taldetxoetan, euskaraz hitz egin dezaten. Talde bakoitzak erabakiko du non, noiz eta zertarako elkartu: batzuek paseoak ematen dituzte; beste batzuek kafetxoa hartzen dute; badira pintxo-poteaz gozatzen duten taldeak ere…
- Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
- Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi eta egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortzeko aukera du.
Izen-ematea
Honako telefono eta helbide hauetara jo dezakezue argibideak jasotzeko eta izena emateko:
- Telefonoz: 607 610 687
- Emailez: astigarraga@aek.eus
- https://praktikatu.eus/blog/hernanialdea