Albisteak
Atzealdea Martxan da “Emakumeak eta kirola” ekimena
2023·09·07
Herriko eragile batzuekin batera Astigarragako Udalak sustatzen duen kanpaina honetan hainbat jarduera-mota eskainiko dira: emakumeei bideratutako kirol jarduerak, emakumezkoen kirol txapelketak, herri kirolen erakustaldia, kirol anitzetan aritzen diren Astigarragako emakume kirolariekin solasaldia, emakume kirolarien bisitak...
Ekimen honen antolaketan parte hartu duten eragileak hauek dira: Mundarro elkartea, Galtzaur jubilatuen elkartea, Gaztelekua, Astigarragako kiroldegia eta Emakumeon Etxea.
Egingo diren jarduera guztiak doakoak izango dira. Lehen jarduera, irailaren 8an izango da, adineko emakumezkoei bideratutako orientazio jarduerarekin hain zuzen ere, eta urriaren 28an amaituko da, Patri Espinarrek gidatutako Emakumeon ahalduntzerako mendi orientazio ikastaroaren azken saioarekin.
Tartean hainbat publikori zuzendutako jarduerak eramango dira aurrera:
- Herritar orori zuzendutakoak: Emakumezkoen Herri Kirolen erakustaldia, nesken pilota jaialdia, Urumea bailarako nesken lagunarteko eskubaloi txapelketa eta nerabezaroa eta kirolari buruzko solasaldia herriko kirolariekin.
- Edozein neraberi zuzendutakoak: aquafit ikastaroa (izen-ematea Gaztelekuan) eta Lur Errekondoren bisita Gaztelekuan.
- Soilik emakumeei zuzendutakoak: Adinekoentzat orientazio jarduera (izen-ematea Galtzaur jubilatu elkartean), helduei zuzendutako aquafit ikastaroa (izen-ematea Kiroldegian), piragua irteera Olatz Alkortarekin (izen-ematea Kiroldegian) eta Patri Espinarrek gidatutako mendi orientazio ikastaroa (izen-ematea Emakumeon Etxean).
Nerabezaroa eta kirolari buruzko solasaldia, irailaren 28an
Nabarmendu beharreko jardueren artean irailaren 28an egingo den nerabezaroa eta kirolari buruzko solasaldia dugu. Solasaldia 18:00etan izango da, Erribera kulturgunean. Bertan, herriko hainbat kirolarik parte hartuko dute (Eneritz Gartzia -Emarri taldeko kidea-, Lierni Roteta -errugbi jokalaria-, June Balda -arraunlaria- eta Astigarragako Mundarro eskubaloi taldeko gazteen kategoriako bi ordezkari Malena Leary eta Nahiane Odriozola; moderatzailea: Lierni Zinkunegi). Neska kirolariek nerabezaroan izaten dituzten zailtasun, eragozpen eta bizipenei buruz arituko dira.
Bestalde, egun berean, bi dinamizatzaile herrian zehar ibiliko dira Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako "Emakumeok mugimenduan" mugikorretarako aplikazio berriari buruzko informazioa ematen. Aplikazio horrek norberaren mugimendua erregistratzeko aukera ematen du, eta aktibotasuna sustatzeko baliabideak eskaintzen ditu. Kirola egiten ez duten edo oso gutxi egiten duten emakumeei zuzenduta dago, eta kirolari ekiteko lagungarria izan daiteke. Aplikazioa doakoa da.