Albisteak
Maiatzeko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordea ospatu zituen Astigarragako Udalak joan den asteartean
2021·05·27
Hauek dira Osoko Bilkuran eta Tokiko Gobernu Batzordean onartu ziren gaiak:
- Kreditu aldaketa:
148.378 euroko kreditu aldaketa bat onartu zen Osoko Bilkuran, zenbait arlotan gehikuntzak egin ahal izateko. Gehikuntza horiek Txomiñene pilotalekuko obran, argiterian, Santiagomendiko zolaketan, Gazterian, Eskolako mantenuan, Emakumeon etxeko garbiketan, Kirol azpiegituretan edota Gaztelekuan egingo dira, besteak beste.
- Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren P-2, P-6 eta P-1 lurzatiei del A.I.U 16 HJEko “Txalaka-Oialume” dagokien Hiri-Antolamenduko Plan Berezia
Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 16. HJEko (Txalaka Oialume) P-2, P-6 eta P-1 lurzatiei dagokien Hiri-Antolamenduko Plan Berezia behin betiko onartu zen.
Bi adierazpen onartu ziren Osoko Bilkuran:
- Herri Palestinarraren aurka Israel egiten ari den erasoen ingurukoa
Azken asteotan, ehunka bonbardaketa egin ditu Israelek Gazan. Joan den ostiralean bi aldeek su etena adostu zuten, baina erasoak hasi zirenetik 232 pertsona baino gehiago hil dira, horietatik 65 haurrak. Eta auzo osoak erabat suntsituta geratu dira.
Gertakari horien aurrean, Astigarragako Udalak:
- Israelek Palestinako herriari egiten dizkion giza eskubideen urraketak salatzen ditu. Ildo horretan, nazioarteko komunitateari dei egiten dio elkarrizketarako eta negoziaziorako bideei eusteko.
- Nakbaren 73. urteurrenean, Israelek lurralde palestinarrak legez kanpo okupatzea salatu eta gaitzesten du, eta, aldi berean, elkartasuna eta konpromisoa adierazten du herri palestinarraren giza eskubideen defentsarekin.
- Palestinarako laguntza humanitarioa indartzeko eskatzen die euskal erakundeei, pandemiak are gehiago areagotu baitu haien egoera.
Ikusi adierazpena osorik
- Kolonbiako egoerari buruzko adierazpen instituzionala
Joan den apirilaren 28an, Kolonbiako herria kalera atera zen bizi-baldintza justuak eskatzeko, Ivan Duqueren Gobernuaren zerga-erreformaren aurka eta justizia soziala duen herrialde baketsu baten eskakizunarekin. Ordutik, mugarik gabeko Geldiadi Nazionalean daude, eta, ordutik, Gobernuaren erantzuna errepresio bortitza izan da protestarako eskubidea legitimoki erabiltzen ari diren pertsonen aurka, bizitza duina eta giza eskubideen errespetua eskatuz.
Sistema demokratiko batean, protesta soziala oinarrizko eskubideetako bat da, eta Estatuak errespetatu eta bermatu behar du.
Horregatik guztiagatik, Astigarragako Udalak:
- Kaleetan legez protesta egiten dutenen aurkako errepresio basati eta bidegabea salatzen du.
- Ivan Duqueren Gobernuari eskatzen dio Kolonbiako herritar guztien giza eskubideak babesteko eta bermatzeko.
- Indar Publikoak eragindako indarkeria-gertakari guztiak argitzea eskatzen du, eta dagozkion erantzukizunak zehaztea.
- Elkartasuna adierazten dio protestaren kriminalizazioaren ondorioak jasan dituzten eta jasaten dituzten pertsona guztiei.
- Salatzen du indarkeriaren gorakadaren egoera erabiliz, mobilizazioetatik kanpoko taldeek ondasun komunak arpilatu eta erasotzeko erabili izana, bai eta ekintza horiek protesta soziala kriminalizatzeko erabili izana ere.
- Bere elkartasuna adierazten dio Kolonbiako herriei, eta beren eskaerekin bat egiten du
- Nazioarteari eskatzen dio elkartasun adierazpenak egin ditzala Kolonbiako herriarekin, bai eta Ivan Duqueren Gobernuaren aurrean behar diren ekintza diplomatiko eta politikoak egin ditzala ere, errepresioa amaitzeko eta Kolonbiako Herriaren Eskubideak errespetatzeko.
Ikusi ardierazpena osorik
- Santiagomendi eta Mendiaundi arteko linea elektrikoak eta udal zerbitzuak lurperatzeko obra zibilaren kontratua. Kontratu-aldaketa.
Santiagomendiko eta Mendiaundiko (Anuska) arteko sare elektrikoaren lurpeko kanalizazioetarako obra gehigarriak egikaritzeko kontratu aldaketa egitea onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, 50.011,56 eurotan handituz kontratua.
- Santiagomendiko auzoa berreurbanizatzeko obrak. Kontratu aldaketa.
Santiagomendiko auzoa berrurbanizatzeko obran zenbait aldaketa eta obra gehigarri egiteko (komunikaziokanalizazioaren trazadura aldatzea, pedestalak jartzea, hainbat etxe/baserrien etxeaurretan nitxo bat egitea, eta bertan kokatzea konexio, zein kaxa berriak) kontratu aldaketa egitea onartu zuen Tokiko Gobernu Batzordeak, kontratuaren zenbatekoa 42.958,74 eurotan handituz.
- Astigarragako Herri Eskola handitzeko Plan Berezia
Herri eskola handitzeko plan bereziari hasierako onarpena eman zitzaion Tokiko Gobernu Batzordean. Beraz, jedaurrean 20 egunez jartzea eta egunkarietan zein webgunean argitaratzea izango da hurrengo urratsa.
- Fundacion Juan Bonal-eri 2020. Urtean onartutako dirulaguntza.
Elkarteak “Adivasi emakumeen prestakuntza, trebakuntza eta nekazaritzako ahalduntzea” izeneko egitasmoa garatzeko jasotako laguntza epe barruan ez justifikatu izanagatik, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du laguntzaren gainontzeko %30a ez ematea. Bestetik, eta salbuespen gisa, Udalaregandik jasotako %70 ez itzuliaraztea erabaki da, Covid-19 egoera dela eta. Azkenik, onartutako dirulaguntza justifikatzeko 6 hilabeteko luzapena onartu zaio.
- Hauek dira Tokiko Gobernu Batzordeak Garapeneko Lankidetza proiektuei onartutako laguntzak:
- Baan Marina (Teresa Dupoy): Tailandia iparraldeko tribuetako emakumeen ahalmentze proiektuari 10.000 euro.
- La otra mirada: Amatasunean prestakuntza berezia duen zentro anbulatorioa gouyar sarren (Buga, Senegal), baliabide urriko emakume eta haur txikiei zuzendutako egitasmoari 5.400 euro.
- Munduko Begiak: Begietako osasun-zerbitzuetarako sarbidea eta eskuragarritasuna Oruron hobetzeko 8.000 euro.
- Chiapas Hondarribia: Santa Rosa, Huixán, Chiapasen, korridore turistiko/medizinalaren hornidura iraunkorrerako ur-putzua egiteko 7.000 euro.
- Juan Bonal Fundazioa: Ghanako emakumearen ahalduntzerako 6.000 euro: sustapena, elikadura eta osasun-laguntza Wale Walen, Ghanako iparraldeko eskualdean.
- Euskal Fondoari 6.201 euro. Proiektua aurrerago zehaztuko da.