Albisteak
2023·05·17
Astigarragako Udalak bere gaitzespen irmoena azaldu nahi du Villabonan pasa den larunbatean gertatutako eraso homofoboaren aurrean, eta elkartasuna adierazi nahi die biktimei eta biktimaren hurbilekoei. Aniztasunaren aldeko aldarria egin nahi du Udalak eta gogorarazi, inongo eraso homofoborik ez dugula onartzen.
Gaur, maiatzak 17, LGTBIQ+ fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundearen Batzar Orokorrak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuen. Efemeride hau oroitzeko, 2005. urtean hasi eta urtero, maiatzaren 17an LGTBIQ+ fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatu ohi da honako xedearekin: LGTBIQ+ pertsonen eskubide-berdintasuna aldarrikatzea eta jendartea kolektibo honen aurkako diskriminazioarekiko sentsibilizatzea, sexu, genero-identitate, genero-adierazpen eta sexu-orientazio anitzak errespetatuz.
LGBTBIQ+ akronimoak honako pertsonei egiten die erreferentzia: emakume lesbianei, gizonezko gay-ei, pertsona bisexualei, trans-ei, intersexualee eta queer-ei. Akronimoa denborarekin aldatuz joan da eta genero-identitate eta sexu-orientazio guztiak barne hartzeko ‘+’ ikurra gehitu diote.
Arauek eta legeek eskatzen duten eskubideen berdintasuna, ez da errealitatean egikaritzen. Azken hamarkadetan aurrerapausuak eman diren arren, oraindik ere LGTBIQ+ pertsonek diskriminazioa jasaten dute. Kolektibo horrek ustez jendartean onarpen handiagoa eta eskubide-berdintasunaren aldeko babes handiagoa izateak ez dakarte beti kolektibo hori osatzen duten pertsonengan hobekuntzak.
Europako batzordeak 2020-2025erako landu zuen Berdintasunerako Estrategiaren datuetan oinarrituta, LGTBIQ+ pertsonen % 43a diskriminatuta sentitzen da; intersexualei dagokienez, % 22ak indarkeria jasan omen du eta % 62ak diskriminazioa; bisexualen % 19ak laneko jazarpena jasan zuen inkesta baino urtebete lehenago. Gainera, LGTBIQ+ pertsonen kopuru altua dago pobrezia edo gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan eta antsitate- eta depresio-arazoekin. Eta denak ez dira seguru sentitzen poliziari hitzezko abusuak eta indarkeria fisikoa salatzeko. Askorentzat arriskutsua da jendaurrean afektua erakustea, euren sexu-orientazioa, genero-identitatea edo genero-adierazpena publikoki aitortzea (etxean edo lanean); azken finean, ezin dira beraiek izan mehatxaturik sentitu gabe. Badago zer hobetua.
Berdintasuna eta diskriminaziorik eza funtsezko balioak eta oinarrizko eskubideak dira. Horregatik, Udalak gaurko eguna aprobetxatu nahi du norbera izateko askatasuna aldarrikatzeko. Gorputzak, bizitzak eta eskubideak oinarri hartuta, nork bere gorputzarekiko erabakiak hartzeko, genero identitatea edo orientazio sexuala askatasunez eta eskubide-berdintasunean bizitzeko deia egin die astigartar guztiei. Guztion artean Astigarraga herri berdinzaleagoa, anitzagoa eta inklusiboagoa izatea lortuko dugu.