Albisteak
Atzealdea Lurraldia 2023 ekimenez beteta dator
2023·05·05
Premiazkoa da lur emankorren babesa eta baserritarren jarduera eta bizitza duinerako baliabideen errespetua eta eskuragarritasuna aldarrikatzea. Aurrekoarekin batera, bertako elikagaien kalitatea sustatzea eta kontsumitzea. Azken finean, baserriko jarduera ugariek gure herriaren nortasunaren eta kulturaren jatorria bermatzen dute.
Astigarragako Udalak baserriek eta baserritarrak duten garrantzia nabarmendu eta aitortu nahi du eta astigartar guztiei helarazi. Baserriak gure kulturaren, hizkuntzaren eta paisaiaren gotorlekuak eta sustatzaileak izan dira. Gogoratu behar da 1660ko urtarrilaren 26an Astigarraga udalerri bihurtu zela Astigarraga herri bihurtzeko, eta horretarako 38 baserri hipotekatu behar izan zirela, horien artean aurten omendu den Larrabide baserria. Beraz, argi dago herri bezala zerbait eskertzeko daukagula baserritarrei.
Errekonozimendua eta omenaldiak beharrezkoak dira, baina baserritarren bizi-baldintzak hobetzea ere izan behar du helburu. Horrela, udalak baserritarrekin lan egiten du urte osoan, baserritarren mahaiaren bitartez. Eta lan horri esker, besteak beste, aurten lehen aldiz baserritarrei zuzendutako dirulaguntzen deialdia dago. Deialdi honi esker, baserritarrek baserrian eguzki-plakak jartzeko, egitura hobetzeko edo pentsuaren kostua handitzeko laguntza jaso dezakete, besteak beste. Hala ere, ziur gaude oraindik lan handia dugula egiteko.
Aipatu bezala, herriko baserritarrei aitortza egiteko helburuarekin, Astigarragako Udalak ohitura izan du betidanik San isidro eguna ospatzeko eta ekintza eta ikuskizun ugari antolatu izan dira.
Iaz, Udalak, Goldea eta Baratze tokiko elkarteekin batera, jarduera-programa oparoa antolatu zuen, lehenengo LURRALDIA JARDUNALDIAK antolatu ziren. Baserritarren Mahaia batzordean sortu diren jardunaldiei jarraipena eman nahi zaie eta horregatik aurten ere egingo dira. Gainera, ekimenez beteta datoz, gure lurra babesteko eta baserria biziberritzeko antolatutako jarduerak maiatzaren 8an hasi eta San Isidro egunera arte luzatuko dira.
Hona hemen, Lurraldia jardunaldietan antolatutako jarduerak:
- Maiatzak 8, astelehena:
- Baserriak herriko kaleetako faroletan ikusgai.
- Maiatzak 11, osteguna:
- 16:00etan Baserritarrentzako dirulaguntzen hitzaldia, udaletxean.
- Ilar pintxopotea.
- Maiatzak 12, ostirala, 19:00etan:
- Sara Azurzaren musika emanaldia, Latxaga eta Olabide baserrien artean.
- Maiatzak 13a, larunbata:
- Bisitak familian baserrietara: Lagatxaga, Oiarbide eta Ioltza. Foru Plazatik abiatuta.
- Iparraldeko Willis Drummond eta Xiberoots rock eta reggae taldeen kontzertuak, Erriberan.
- Maiatzak 14a, igandea: Ilarraren eguna:
- Ilar azoka: erakusketa, dastaketa, erosketa…
- Herriko ganadu erakusketa: 9 baserrietako 25 buru. Larrabide, Plazetxe, Iriarte, Etxeluze, Elio, Bustieta, Gartziategi, Manuel Oiarbide eta Guardi
- Giza proba saioak Emarri taldearen eskutik
- Maiatzak 15, astelehena: SAN ISIDRO eguna
- Trikitilariak: Elustondo anai-arrebak
- Prozesioa eta Meza
- Larrabide baserriko produktuen erakusketa
- Hamaiketakoa Gure Izarra elkartean
- Kantabriako idi eta behi demak: Idi parea, 3.298kilo harriaz eta behi parea, 1.640k harriaz arituko dira. Biak pisu librean eta 30 minututan.
- Bertsolariak: Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña
- Herri bazkaria eta Larrabide “Baserri bizia”ri merezitako esker ona ematea
Antolatzaileok herritar guztiei dei egiten diegu jarduera hauetan arduraz eta ilusio handiz parte har dezaten, gure lurraren inguruko ekimenetan parte hartzeko eta Lurraldiaren helburuak bultzatzeko aukera paregabea baita.