Albisteak

Atzealdea Mozioa: LGTBIQ+ bizitzek balio dute

Ekainaren 28an ospatu eta aldarrikatzen da LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna. Horren harira, Astigarragako Udalak mozioa onartu du; eta era berean, egun honen bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditu herritarrak.

2025·06·27


2025eko ekainaren 26an Astigarragako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak onartutako mozioa:

Maiatzaren 17an, LGTBIQ+ fobiaren kontrako egunean bezala, Ekainaren 28an ere, LGTBIQ+ harrotasunaren egunean, honakoa adierazi nahi dugu: Harro gaudela gure bizitzez, harro gure bizi historiaz, harro LGTBIQ+ mugimenduaz.

Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituen honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGTBIQ+ fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.

Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa da. Gure kasuan, ezinbestekoa da instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak eta babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzea. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta egiturazkoak direnak erdigunean jartzeko garaia da.

Horregatik guztiagatik,

  1. Astigarragako Udalak, 2024an onartutako “Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Plana 2030”ean jaso bezala, konpromisoa hartzen du, gure herriko LGTBIQ+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egin, eta honetan oinarritutako ekintza plan integral bat abiatzeko. Prozesu hau, herriko LGTBIQ+ mugimenduko kideekin batera egingo da egiteko konpromisoa hartzen dugu, eta egon ezean, erreferente eta norbanako ezberdinak aktibatzeko modua sustatuko dugu.
  2. Dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGTBIQ+ pertsonenbizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako.

Gure bizitzek balio dutelako, gora ekainaren 28a!