Albisteak
Atzealdea LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna
2022·06·28
LGTB+ BIZITZEK BALIO DUTE
Ekainaren 28an, LGBT+ harrotasunaren egunean, hainbatetan esan duguna errepikatu nahi dugu: Harro gaudela gure bizitzez, harro gure bizi historiaz, harro LGBT+ mugimenduaz.
Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituzten honetan, inoiz baina garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGBT+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira... eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.
Horren guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Astigarragako Udalak eraiki egin behar ditu politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak... Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da. Horretan ari gara.
Horregatik guztiagatik udaletik bultzatu egin nahi dugu herrian LGTB+ mugimendua sor dadin eta bertan parte hartu nahi duen pertsona ororekiko konpromiso irmoa adierazi nahi dugu. Horiei guztiei udalaren zein udal zerbitzuen prestutasuna eskainiko diegu. Erreferente eta norbanakoak aktibatzea sustatuko dugu, eta herrian sortzen diren ekimenak babestuko ditugu.
Horrez gain, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan herrian zein inguruetan antolatuko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko. Amaitzeko, LGBT+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako. Gure bizitzek balio dutelako, gora Ekainaren 28a!