Albisteak

LGTBI+ Harrotasunaren eguna, ekainak 28

Igandean, LGTBI+ Harrotasunaren eguna ospatuko eta aldarrikatuko da. Horrekin bat egiteko, batetik, Astigarragako Udaleko EH Bildu, EAJ/PNV eta PSE-EEko udaltaldeek adierazpen bat onartu dute, aho batez. Bestetik, zenbait ekimen antolatuko dira herrian: Udaletxeko fatxadan LGTBI+ bandera jarriko da; Foru plazan “Pride” filma eskainiko da eta Gaztelekuko nerabeek LGTBI+ banderaren koloreekin Txomiñenea pilotalekuan margotuta dauden eskailerak errepasatu eta beste aldeko eskailerak margotuko dituzte.

2020·06·25


50 urte igaro dira Stonewallen lesbiana, gay, transexual eta, batez ere trabestiak, poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpena eta xantaiaren aurrean erreboltatu zirenetik: data hori mugarri bihurtu zen LGTBI+ pertsonen borrokan. 10 urte beranduago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Antonio Vicente Santa María (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabesti izateagatik. Ekainaren 28 horretan LGTBI+ pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartu zituzten estreinako aldiz, euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatuz.

Stonewalleko gertakarien geroztik ekainaren 28an LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da: borroka disidente luzea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere.

2020ko Harrotasuna LTB emakumeen berdintasunaren aldeko borrokara zuzendua dago “2020, LTB Emakumeak: Sororitatea eta Feminismoa” esloganaren bidez. Izan ere, LGTBI+ kolektiboaren barruan emakumeak dira gutxien ikusten direnak eta, zenbaitetan, ahaztuta geratzen direnak.

Aurten, gainera, Covid-19aren pandemiaren ondorioz ezarritako konfinamenduak eragin negatibo espezifikoak ekarri ditu LGTBI+ pertsonentzat, eta argi dago ondorengo krisi sozioekonomikoak eragin horietan sakondu baino ez duela egingo. Pandemiaren aurretik zeuden errealitateak puztu egin dira: LGTBI+ pertsona askok indarkeria jasan dute haientzat seguruak ez diren etxeetan bizi behar izateagatik; beste batzuek arazoak izan dituzte osasun-zerbitzu espezifikoetara edo, oro har, zerbitzu publikoetara iristeko; jazarpen handiagoa jasan dute kaleetan edo lanean, eta, oro har, beren osasuna okertu, eta estres psikologikoa eta emozionala areagotu egin da, gainerakoek baino neurri handiagoan. Bazterkeria, prekarietatea eta diskriminazioa direla eta, ondorio negatiboak biderkatu egiten dira, adina, klasea, arraza edo egoera administratiboa bezalako beste ezaugarri batzuk kontuan hartzen ditugunean.

Hori guztia dela eta, Udal honek LGTBI+ pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa berretsi nahi du. Adierazpenetatik haratago, gure konpromisoa politika zehatzetan islatu behar da, mugimendu feministako eta LGTBI+ mugimenduko ordezkari eta adituekin elkarlanean.

Ikusi hemen adierazpena osorik

LGTBI+ Harrotasunaren eguneko ekimenak

  • Ekainaren 28an, 22:30ean, Foru Plazan (euria egingo balu Txomiñenea pilotalekuan) Pride filma eskainiko da.

Sinopsia: 1984ko udan, Margaret Thatcher lehen ministro zela, Meatzarien Sindikatu Nazionalak (NUM) greba deitu zuen. Londresen, Gay harrotasunaren manifestazioan, lesbiana eta gay talde batek dirua biltzen du langileen familiei laguntzeko, baina sindikatuak ez du dirua onartzen. Orduan, taldeak meatzariekin zuzenean harremanetan jartzea erabakitzen du eta Galesko herrixka batera joaten dira. Horrela hasten da bi komunitate erabat ezberdinen historia bitxia, kausa komun batengatik elkartzen direnak.

  • Ekainaren 30ean Gaztelekuko nerabeek Txomiñenea pilotalekuan LGTBI+ banderaren koloreekin margotuta dauden eskailerak errepasatu eta beste aldeko eskailerak kolore berdinekin margotuko dituzte.