Albisteak

Atzealdea Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin dute Astigarragako Udalak eta DBH orain plataformak

2
Hezkuntza Batzordeari DBHKo ikastetxea eraikitzeko urratsak azkar ditzala eskatu diote. Hezkuntza Batzordeak konpromiso argia erakutsi du Astigarragan DBHko ikastetxe bat egiteko.

2021·05·04


Legebiltzarrerako sarreraren bideoa:

 

Maiatzaren 3an, goizeko 11:30ean, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin dute Astigarragako Udalak eta DBH Orain plataformak. Lau lagun bertaratu dira Astigarragatik, batetik, DBH plataformako kide Lorena Mier eta Roberto Quiroga eta, bestetik, Udalaren izenean, Roxali Fernandez hezkuntza zinegotzia eta Xabier Urdangarin alkatea.

Hitza Udalari eta DBH plataformari

Agerraldia hasteko, batzordeburuak hitza Udalari eta DBH plataformari eman dio . Alkateak, batzordekideei eskerrak eman ondoren, Astigarragak azken 20 urteotan izan duen bilakaeraz hitz egin du. Hazkunde demografikoaren datuak laburbildu eta gero (2000n 3.600 biztanle, 2021ean 7.302 biztanle eta jaiotza-tasa Euskadikoaren bikoitza), bilakaera hori hezkuntza arloko azpiegituretan eskatzen ari den ahalegina azpimarratu du: haurreskola berria, Herri Eskola handitzeko proiektua…

Jarraian, alkateak gaur egun Astigarragan bizi eta DBH ikastera ondoko herrietara doazen gaztetxoen datua eman du: une honetan 301 ikasle. Halaber, adierazi du kopuru hori handitu egingo dela, azken lau urteotan jaio direnak DBHra iristen direnean 425 izango direlako.

2019ko urtarriletik gaur arte emadako urratsak laburbidlu ditu segidan, adieraziz, udalak egin beharreko hiritartze lanak amaitzear daudela eta laster laga ahal izango diola orubea Hezkuntza Sailari.

Lorena Mierrek DBH Orain plataformaren izenean adierazi du aspaldikoa dela Astigarragan DBHren aldeko mugimendua, eta azken hiru urteotan burututako ekimenak azpimarratu ditu, bereziki azken urtebetean egindakoak, pandemia betean. Azken bi hilabeteotan egindako sinadura bilketan jasotako 1800 sinadurak azpimarratu ditu, Astigarragako familia eta herritarren nahia azaltzen dutelako. Gaineratu du premiazkoa dela Astigarragan DBHko ikastetxe bat eraikitzea eta ahalik eta lasterren egitea, Martuteneko ikastetxea bera gainezka dagoelako eta gaiak irtenbide bat behar duelako, atzerapenik gabe.

Batzordekideen esanak

Batzordekide guztiak ados agertu dira Astigarragan DBHko ikastetxe bat eraikitzeko premiarekin eta Hezkuntza Sailak orubearen lagapenerako prozedura hasi eta proiektua lantzeko urratsak ematearekin.

Gisa horretako espedienteen epeak luzeak izanik ere, aipatu dute zailena eginda dagoela eta Hezkuntza Sailaren egitekoa dela urratsez urrats joatea.

Hezkuntza Sailaren 2019-23ko inbertsioen plangintzan Astigarragako proiektua sartzeari buruz, hainbat iritzi adierazi dituzte: batetik, zailtasunak sor daitezkeela horretarako eta, bestetik, badaudela mekanismoak hori egin ahal izateko.

Orobat, adierazi dute laguntza emateko prest daudela, DBHko ikastetxea errealitate bilaka dadin.

Udalaren eta DBH Orain plataformaren balorazioa

Udalak eta DBH Orain plataformak balorazio ona egiten dugu, batetik, Hezkuntza Batzordeko talde guztiek berretsi dutelako Astigarragan DBHko ikastetxe bat eraikitzeko erabakia eta premia eta, bestetik, borondate argia erakutsi dutelako beren laguntza emateko, egin beharreko urratsak egiteko.

Udalaren eta DBH Orain plataformaren iritziz agerraldia positiboa izan da eta itxaropenez hartu dituzte batzordekideen hitzak, baina lanean jarraitu behar dugula azpimarratu dute, egin beharreko urrats guztiak etenik gabe egiteko.

Ikusi agerraldian egindako aurkezpenaren dokumentazioa.

Ikusi agerraldian aurkeztutako DBHren aldeko bideoa:

1 2