Albisteak
Atzealdea Legealdi erdia bete da eta udal gobernuak herritarrekin balorazioa egingo du ekainaren 25ean, 19:00etan, Erriberan.
2025·06·19
Ekainaren 17an Astigarragako udal gobernu taldeak bi urte bete zituen kargua hartu zuenetik, hau da, agintaldi erdia. Data berezi hori aprobetxatu nahi izan du herritarrekin batera balorazioa egiteko, eta, horregatik, ekainaren 25erako ekitaldia antolatu du, 19:00etan, Erribera kulturgunean.
Udal taldearentzat garrantzitsua da orain arte egindakoa herritarrekin partekatzea, zer ez den garatu eta zergatik azaltzea eta agintaldia amaitu aurretik aurrera eramango diren proiektuen berri ematea. Horrekin batera, herritarren hitza eta galderak entzun nahi ditu eta beraien intereseko proiektuen inguruko argibide eta azalpenak eman. Hori dela eta, ekitaldia bi zatitan banatuko da:
- Aurkezpena: Bertaratu direnei ongietorria eman eta udal gobernuko alkateak eta zinegotziek orain arte egindakoaren azalpen labur bat egingo dute eta agintaldia amaitu arte egitea aurreikusita dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte.
- Mokadutxoa: Ondoren, mokadutxo baten bueltan, herritarrekin hitz egin eta bertaratutakoei interesatzen zaizkien proiektuei buruzko informazio eta argibide zehatzagoak emango dira, horretarako hainbat euskarri erabiliz.
Udal Gobernuak herriko eragileak eta herritarrak gonbidatzen ditu, elkarrekin eta giro onean, ekitaldi honetan parte hartzera.