Albisteak

Atzealdea Lan eskaintzak: Udaleko bi administrariren lanpostuak betetzeko oposizio lehiaketa eta lan anitzetarako operarioak kontratatzeko eskaintza Beterri-Buruntzako udaletan

Bi administrariren lanpostuak betetzeko oposizio lehiaketaren deialdia eta oinarriak laster argitaratuko dira Estatuko Aldizkari Ofizialean. Lan anitzetarako operarioen lan-eskaintza, berriz, Lanbiden argiraratuta dago.

2020·11·27


Bi administrari lanpostu

Azaroaren 24ko Tokiko Gobernu Batzarrak Astigarragako Udaleko lanpostuen zerrendan hutsik dauden bi administrari lanpostu jabetzan betetzeko oposizio-lehiaketaren oinarriak onartu eta deialdia egitea erabaki du. Administrari lanpostu bat Kontuhartzailetza Sailekoa da eta bestea Hirgintza Sailekoa.

Deialdia eta oinarriak laster argitaratuko dira Estatuko Aldizkari ofizialean. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, oinarriak EAOn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Hauek dira parte hartzeko baldintza nagusiak (ikus xehetasunak oinarrietan): Titulazioari dagokionez, Batxilergoa, Lanbide Heziketako Teknikaria edo horien baliokidea; Informatika ezagupenak; eta Hirugarren hizkuntz eskakizuna (C1).

Hautaketa prozesu honen bidez, bi lanpostuak betetzea gain, lan-poltsak egingo dira, etorkizuneko beharrei erantzuteko.

Lan anitzetarako operarioak kontratatzeko eskaintza Beterri-Buruntzako udaletan

Lan-merkatuan txertatzeko arazoak dituzten kolektiboei zuzenduta dago lan eskaintza hau: Astigarragan bost hilabeterako 2 kontratazio egingo dira, lanaldi osokoak.

Lanbideren enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2020ko dirulaguntzen baitan, langabetuak lan merkatuan txertatzeko programa abiatu dute aurten ere Beterri-Buruntzako udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil), bereziki, ohiko merkatuan txertatzeko arazoak dituzten taldeei zuzenduta. Guztira, 18 lagun kontratatuko dituzte: Astigarragan bost hilabeterako bi postu izango dira, lanaldi osokoak. Izena emateko eskaintza Lanbiden argitaratuta dago.

Zeregin anitzetarako operario gisa udal brigadan lan egiteko enplegu programa da, ohiko lan-merkatuan txertatzeko arazoak dituzten kolektiboei zuzendua, batik bat, lehentasunez: emakumeei (%40), DSBE Diru Sarrera Bermatzeko Errenta (RGI) kobratzen dutenei (%30) eta 55 urte baino zaharragoei (%15) Gainerakoan, kolektibo hauetakoak izan behar dute: 45 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabetuak eta Covid19-ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu ondoren lana galdu dutenak.

Hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko Lanbiden argitaratu den lan eskaintzan eman behar da izena. Lanbidek jasotako curriculum guztiak aztertu, eta eskualdeko udaletara bideratuko ditu. Elkarrizketa bidez hautatuko dira, ondoren.

Informazio gehiagorako, jarri harremanetan Astigarragako Udaleko Enplegu Sailarekin: enplegu@astigarraga.eus edo tel. 943 505 700.