Albisteak

Atzealdea Kurtso berriko lehen osoko bilkura

Joan den asteartean, irailaren 24an, egin zituzten Astigarragako uda ondoreneko lehen tokiko gobernu batzordea eta osoko bilkura.

2019·09·26


Tokiko gobernu batzordea

Osoko bilkuraren aurretik, arratsaldeko 18:00etan, tokiko gobernu batzordea egin zuten.Bertan gai ezberdinak jorratu zituzten; besteak beste, udalean bi langile plaza jabetzan hornitzeko deialdia eta oinarriak onartu zituzten. Bata, gizarteko langile baten plaza, txanda-ireki eta lehiaketa-oposizio bidez. Bestea, udaltzaingoaren agente lehenarena, barne sustapen eta lehiaketa-oposizio bidez. Horrekin batera, Anuskako lorategia egiteko kontratua esleitu zen eta kale garbiketarako eta lorezaintzako lanen kontratuak urtebetez luzatu ziren.

Osoko bilkura

Arratsaldeko 19:00etan izan zen osoko bilkuraren txanda, eta beste hainbat gairi eman zitzaien onarpena. Nagusienen artean, 3.178.000 eurotako kreditu gehigarriaren onarpena, EH Bilduk alegazio bidez aurkeztu zuena zenbait ordainketa gauzatu ahal izateko; Emakumeon plazako hiritartzea (875.760,35), Kultur Etxe berriko BEZa (1.200.000,00) eta horniketa (850.000,00), Arrobitxuloko igogailuaren zenbatekoa osatzea (722.000,00), eta kiroldegiko aireztatzea osorik aldatzea (256.000,00). Bestetik, 2020ko ordenantza fiskalei hasierako onarpena eman zitzaien, beraz, iragarkia argitaratu ondoren irekiko da alegazio epea.

Larrialdi klimatikoa deklaratzeko mozioa

Irailaren 24ko osoko bilkurak “Klima aldaketaren aurka konpromiso zehatzak hartzeko mozioa” onartu zuen. Mozioa EH Bilduk aurkeztu, EAJ eta PSE-Eerekin adostu eta osatu ondoren aho batez onartu zen. Onartutako mozioak, batetik, larrialdi klimatikoaren egoera deklaratzen du, beste administrazioei egoera horri aurre egiteko neurriak hartzeko eskatzen die, Astigarragako Udalari eskatzen dio neurri zehatzak aztertu eta martxan jartzeko eta bat egiten du irailaren 20tik 27ra antolatutako ekimenekin.