Albisteak
2023·03·24
Amaitu berri da Udalak 2022ko maiatzean abiatu zuen Kultur Etxe Zaharraren etorkizuna definitzeko prozesu parte-hartzailea. Prozesu horren bidez, Udalak herritarren eta herriko eragile zein elkarteen iritziak jaso nahi izan ditu elkarrizketa, galdetegi eta saio irekien bidez. Iritzi-bilketa hiru gairen inguruan egin da batez ere: eraikinaren erabilera, espazioaren antolaketa eta funtzionamendua.
Azken saioa, pasa den astean egin zen, martxoaren 14an, prozesuaren ondorio nagusiak herritarrei eta herriko elkarteei helarazteko.
Ondorio Nagusiak
Prozesuan parte hartu dutenen ustez honelako balioak izan behar ditu espazio horrek: izaera soziala, intergenerazionala, herritarrena, irekia, erabilera komunitarioa eta elkarsorkuntzarako espazioa.
Eraikinaren erabilerari dagokionez, Sagardoetxea aparteko eraikin gisa irudikatzen dute, sarbide independientearekin eta Kultur Etxe Zaharreko eraikinetik kanpo geratuko litzatekeena; Kultur Etxe Zaharreko eraikinerako bi erabilera nagusitu dira: batetik, Gaztelekua eta bestetik, herriko elkarte eta eragileen espazioa.
Espazioaren antolaketari dagokionez, honakoa da herritarren proposamena:
- Sagardoetxea aparteko eraikin bat izango litzateke, sarrera propioarekin eta Kultur Etxe Zaharrarekin konexiorik gabe. Egungo museoa handitzea aukera bat izan daiteke (bi solairu izatea eta eraikina sagastiraino zabaltzea; modu horretara museoaren alboko bidea, puntu beltza dena, desagertuko litzateke).
- Gaztelekua: Eraikinaren behe solairu osoa hartuko luke Gaztelekuak eta kanpoaldearekin lotura zuzena izango luke; egun Gaztelekua solairu gorenean dago eta gora-behera horiek ekiditeko behe solairura ekartzea proposatu da. Parte-hartze prozesu honetan eraikinaren kanpoaldean gazteentzat aterpe bat jartzea ere proposatu da, gazteek gozatzeko gunea izan dezaten.
- Herriko elkarte eta eragileentzat espazioa: Eraikinaren bi solairu oso helburu horrekin erabiltzea proposatu da; egungo antolaketa errespetatuz, eraikinaren solairua bat (egun aretoa dagoena), gela txikiz osatutako litzateke eta beste solairua espazio zabaleko elkarsorkuntzarako espazioa izango litzateke.
Espazioaren funtzionamenduari buruz, parte-hartzaileek Gaztelekuaren funtzionamendua egungoaren berdina izatea proposatzen dute, funtzionamendu egokia dutela baloratzen delako; gainontzeko espazioak (herriko eragileei zuzenduak) herriko elkarte eta eragileek Udalarekin kogestioan funtzionatuko lukete.
Udalak aintzat hartuko du herritarren nahia eraikinari buruzko erabakiak hartzean. Aurreikusten da Kultur Etxe Zaharraren eraikina faseka hustea eta erabilera berriekin betetzea.