Albisteak

Atzealdea Kultur Etxe Zaharra eraikinaren etorkizuna definitzeko partehartze prozesua

Astigarragako Udalak Kultur Etxe Zaharraren etorkizuna definitu nahi du. Horretarako, herritarren eta gizarte-eragileen iritzia jaso nahi du datozen hilabeteotan egingo diren galdetegia eta saio irekien bidez.

2022·05·02


Kontxa Etxeberriak 1904-1930. urteetan eraiki arazia, lehenengo garai hartan ikastetxea eta umezurtz-etxea izan zen eraikina. Ordutik, erabilera soziala eman zaio, eta herritarren ongizatearekin lotutako proiektuak garatu dira bertan. 2020ko irailera arte Kultur Etxe gisa funtzionatu izan du, eta Erribera Kulturgunea ireki zenean, eraikinari erabilera berria emateko aukera ireki zen.

Une honetan bertan eskaintzen diren zerbitzuak hauek dira:

  • Gaztelekua
  • AEK
  • Udalaren Berdintasun eta Enplegu sailak
  • Sagardoetxearen bulegoak

Zerbitzu horietako batzuk epe ertainera bertatik irtetea aurreikusten da, beste batzuk ordea etorkizunean ere bertan geratuko dira.

Eraikinari etorkizunean herriko behar eta nahiei egokitutako erabilera emateko, libre geratuko diren espazioei eman ahal zaien erabileraren inguruan herritarren iritzia jasotzeko galdetegia eta hainbat saio egingo dira datozen hilabeteetan. Galdetegia zein saioak irekiak izango dira, eta Udalak parte hartzera gonbidatu nahi du interesa duen herritar oro.

Partaidetza prozesua gidatzen laguntzeko, Udalak Hiritik At enpresaren laguntza kontratatu du, eta bertako profesionalak izango dira herritar eta eragileen partaidetza dinamizatuko dutenak, Udalarekin batera.