Albisteak
Atzealdea Kontxa Etxeberria fundazioko patronatuak erabaki du fundazioa desegitea eta fundazioaren ondasunak Udalari lagatzea, baldintza batzuekin
2020·10·29
Fundazioen Babeslaritzari akordio horiek jakinarazi eta honek ontzat eman ondoren, Udalaren jabetzara pasako dira kultur etxe zaharraren eraikina eta inguruko lurrak (aurreko lorategi eta berdegunea, sagastia…).
Fundazioaren historia labur-labur
Asilo Escuela Jesús Nazareno Cristo Rey Fundazioa (Kontxa Etxeberria Fundazioa) 1930eko uztailaren 26an sortu zuen Kontxa Etxeberria andreak, herriko haur eta umezurtzei janztekoa, jatekoa eta eskola emateko. Horren ondotik, gaurko Kultur Etxe zaharra dagoen lekuan eraikin bat eraiki eta eskola-egoitza sortu zuen. 1960Ko hamarraldira arte arte jardun zuen eskola egoitza horrek, 1968an eskola kudeatzen zuen ordena erlijiosoak utzi zuen arte. Eskola-egoitza horren lana oso garrantzitsua izan zen gerra aurretik nahiz gerra ondoren, herriko haur behartsuenei laguntzeko.
1980ko hamarraldiaren amaieran Fundazioak eta Astigarragako Udalak hitzarmena egin zuten, eraikina udalak erabiltzeko. Astigarraga udalerri gisa eratu (1987an) eta instalazioak behar zituen kultur eta gizarte arloko zerbitzuak eskaintzeko. Eraikina eraberritu eta gizarte eta kultur etxea izan da azken 30 urteotan.
Fundazioa desegiteko erabakia
Azken berrogei urteotan Fundazioak ez du jatorrizko estatutuetan ezarritako jardunik izan. Horrez gain, Fundazioaren jatorrizko helburuak beteta daude eta Patronatuko kideek ez dute bideragarri ikusi fundazioa berriz martxan jartzea. Hori guztia kontuan hartuta, urriaren 16an egindako bileran Fundazioaren Patronatuak aho batez erabaki zuen fundazioa azkentzea edo desegitea.
Nolanahi ere den, Fundazioaren Patronatuak fundazioaren sortzezko helburuak beste era batera betetzeko asmoz, Udalarekin akordioa egin dute: akordio horren arabera, Fundazioak bere ondasunak Udalari utzi dizkio, baldintza batzuekin.
Udalak, bere aldetik, baldintza horiek ontzat eman ditu. Baldintzak onartzeko erabakia 2020ko urriaren 27ko osoko Bilkuran hartu zuen.
Udalak bete behar dituen baldintzak
Udalak ondoko baldintzak beteko ditu:
- Udalak ordainduko ditu fundazioa azkentzeko eta fundazioaren ondasunak eskualdatzeko gastu guztiak (notaritza, erregistroa…).
- Kontxa Etxeberria fundatzaileari eta fundazioari buruzko biografia bat idatzi eta argitaratuko du.
- Astigarragako Udalak urtero aurrekontuan 40.000,00 euroko ekarpena egingo du, behar handienak dituzten Astigarragako familietako haur, gaztetxo eta gazteen heziketa integrala sustatzeko programa, zerbitzu eta laguntzetan, 15 urtez, likidazioaren ondoriozko fundazio-ondarearen eskualdatzea gauzatzen denetik hasita. Astigarragako Udalak programa horren jarraipena egiteko, proposamenak lantzeko eta behar diren egokitzapenak egiteko lan batzorde bat antolatuko du. Batzorde horretan parte hartuko dute honakoek: Astigarragako alkateak, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzorde informatiboko kideek, Udaleko hezkuntzako batzorde Informatiboko batzordeburuak, Herri Eskolako ordezkari batek, hezitzaileen taldeko kide batek eta Astigarragako Parrokiako bi kidek. Halaber, lan batzorde horretan parte hartu ahal izango dute Fundazioaren patronatuko azken kideek nahiz Astigarragan haur, gaztetxo eta gazteen hezkuntzaren arloan etorkizunean sortzen diren elkarte edo eragileek, lan batzordeari eskaera egin eta horren oniritzia jasota. Programa horren eguneroko kudeaketa eta lan teknikoa Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak burutuko du.
- Hurrengo 15 urteetan Udalari lagatako lurretan, edozein delarik ere, hirigintza-birkalifikazio edo hirigintza-ekintzaren bat gertatzen bada eta horrek hirigintza-ekintzaren ondoriozko gainbalioa sortzen badu, sortutako gainbalio horien partaidetza bat Udalak erabiliko du aurreko atalean aipatutako aurrekontu-zuzkidura handitzeko.
- Udalak baldintza horiek bete dituela egiaztatu beharko du urtero, ekitaldi bakoitza itxi eta hurrengo sei hilabeteetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari helburu horiek bete direla egiaztatzen duen memoria igorriz.
Fundazioaren Patronatuaren balorazioa
Fundazioaren Patronatuaren iritziz, Udalarekin lortutako akordioa onuragarria da bi aldeentzat. Fundazioaren ustez, ez da bideragarria hamarkadetan jarduerarik izan ez duen fundazio bat abian jartzea; beraz, logikoena fundazioa desegitea da. Hala ere, Udalak hartutako konpromisoen bidez, familia behartsuenetako haur eta gazteei arreta emateko programak eta zerbitzuak indartuko ditu udalak, eta, beraz, Fundazioaren helburuen espirituari eta fundatzailearen borondateari jarraipena emango zaie.
Udalaren balorazioa
Udalaren iritziz, Fundazioarekin lortu den akordioa oso garrantzitsua da Udalarentzat eta Astigarragako herriarentzat, izan ere, hainbat agintalditan zehar irtenbiderik eman gabeko gai bat konpontzea lortu da, bi aldeentzat onuragarria den akordio batekin. Astigarragako herriarentzat lorpen handia da Kultur Etxe zaharra eta inguruko lurrak Udalaren jabetzakoak izatea, etorkizunean Astigarragako herriak erabaki dezan eraikin horretan eta lur horietan zer egin.
Udalaren eta Astigarragako herriaren esker ona
Astigarragako Udalak esker ona adierazi nahi dio Kontxa Etxeberria Fundazioari Kultur Etxe zaharraren eraikina eta inguruko lurrak Astigarragako herriak 30 urtez erabili ahal izan dituelako. Halaber, esker ona adierazi nahi die Fundazioaren Patronatuko kideei, egoera aztertu eta lortu den akordioa lantzeko egin duten ahaleginarengatik.