Albisteak

Atzealdea Kontxa Etxeberria Foroak haurren eta nerabeen prebentzioan lanean jarraitzen du, eremu hori hobetzeko proposamenak eta ekarpenak bilduz

Foroa lau hilean behin egiten da, azkena otsailaren 27an izan zen

2023·03·06


2020an, Fundazioa desegin zenean, Udalak konpromiso batzuk hartu zituen Kultur Etxe Zaharra eta inguruko lurrak eskuratzearen truke. Jarraian, konpromisoak eta egungo egoera jasotzen dira:

  1. Udalak fundazioaren ondasunak azkentzeko eta eskualdatzeko gastu guztiak ordainduko ditu (notariotza, erregistroa). Gastu horiek Udalak bere gain hartu zituen 2020an.
  2. Kontxa Etxeberria fundatzaileari eta fundazioari buruzko biografia idatzi eta argitaratuko du. Lurdes Odriozola historialariak Kontxa Etxeberriari eta fundazioaren eraikinari buruzko ikerketa historikoa egin du. 2022ko irailean aurkeztu zen, eta Udalaren webgunean dago eskuragarri: astigarraga.eus/eu/-/emakumeen-historia
  3. Astigarragako Udalak 40.000,00 euroko urteko aurrekontu-ekarpena egingo du beharrizan handienak dituzten Astigarragako familietako haur, nerabe eta gazteen hezkuntza integrala sustatzeko programa, zerbitzu eta laguntzetarako, likidazioaren ondoriozko fundazio-ondarearen eskualdaketa gauzatu eta 15 urteko epean. Hauek dira Udalak abian dituen programak eta proiektuak:
  • Hezkuntza-programa: Gizartean, hezkuntzan eta psikosozialean esku hartzeko zerbitzua da, adingabeei eta babesgabetasun-egoeran dauden familiei zuzendua. Zerbitzu honek zailtasunak gainditzen laguntzen die adingabeei eta haien familiei, ekintza terapeutiko eta hezitzaileen bidez.
  • Haur eta nerabeen prebentzioa: Prebentzio komunitarioko eta haur eta nerabeen detekzio eta esku-hartze goiztiarreko zerbitzua da. Horren baitan, Kontxa Etxeberria foroa eta lan-mahai txikiak sortu dira. Foroaren eginkizuna, besteak beste, zerbitzu hori bideratzeko eta hobetzeko proposamenak eta ekarpenak biltzea da, eta, ondoren, mahai txikietan tratatzea.

Azken bi urteetan, Udalak 120.000 euro baino gehiago bideratu ditu bi programa horietara.

  • 2023an, gainera, Udalak laguntza ekonomikoak atera berri ditu adingabeen garapenean sor daitezkeen beharrizanetarako, 40.000,00 euroko aurrekontuarekin.
  • Hezkuntzaren arloan ere Harremanak programa lantzen da Astigarragako Herri Eskolarekin eta Arantzazuko Ama BHIrekin, sor daitezkeen arazoak detektatzeko eta lantzeko:
    • Giza-balioetan hezteko, prebentzio lan-esparru ezberdinak garatzen dira Astigarragako Udalaren bultzadaz; beti ere, Astigarragako Herri Eskolarekin eta Martuteneko Arantzazuko Ama BHIrekin, lankidetzan.
    • Adinaren eta ikasleen garapena kontuan hartuta, lehen nahiz bigarren hezkuntzan garatzen dira: bizikidetza edota harreman sexu-afektiboei buruzko saioak; heziketa digitalaren baitako trebakuntza edota kontsumoari buruzko prebentzio saioak. Gainera, ikasleei bideratutako esku-hartzearen ondoren, irakasle nahiz gurasoei begirako “itzultze-saioak” egiten dira; nolabait, eskolan eta gelan landutakoa etxe edota familietara transmititzeko asmoz.

2023an, 25.000€ bideratuko dira hezkuntza politikaren baitako jardueretarako.

Balorazioa

Udalak balorazio positiboa egiten du, bai adin txikikoentzat bideratzen ari den programei dagokienean, eta baita, Kontxa Etxeberriaren Foroaren inguruan. Uste du eraginkorra izaten ari dela eta ideia zein ekarpen garrantzitsuak jaso direla bertatik.