Albisteak
Atzealdea Kontratazio-espedienteak eta dirulaguntzak nagusi maiatzeko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarrean
2025·05·29

Astigarragako harrera-etxeetara sartzeko prozedura eta funtzionamendu arautegiaren aldaketa onartu zuen Osoko Bilkurak.
Astigarragako Udalak hainbat etxebizitza ditu harrera-etxe gisa erabiltzeko, eta orain arte ordenantza baten bidez arautu dira. Duela gutxi, parrokiarekin kontratu bat sinatu da, apaizetxeko lau etxebizitzak Udalak 10 urtez kudeatzeko; eta, bestalde, herrian izandako sute baten ondorioz, babestutako etxebizitzetako batzuk kaltetuen eskura jarri ziren, larrialdi honen aurrean bizilagun horiei etxebizitzak eskaintzeko. Gertakari horien ondorioz, Udalak baliabide horiek guztiak bateratzeko beharra ikusi du eta ordenantza berean jasotzeko.Hori horrela, harrera-etxebizitzarako funtzionamenduaren eta sarrera-prozeduraren erregelamenduan hainbat egokitzapen egin dira. Egindako aldaketen bidez, ordenantzaren barruan sartzen dira udalak harrera-etxe, larrialdi edo gizarte-etxe gisa erabiltzeko jabetzan, alokatuta dituen edo programa edo hitzarmen baten bidez erabilgarri dituen etxebizitza guztiak, Tokiko Gobernu Batzarrean erabakiko da une horretan zein etxebizitza erabiliko diren helburu horretarako. Beste aldaketa esanguratsuenetako bat epeak izan dira; izan ere, 4 hilabeteko luzapen gehigarri bat aurreikusi da, salbuespenezko kasuetarako eta betiere udaleko gizarte zerbitzuek justifikatuta.
Kale izendegia
Ipintza-Gurutzegainen egiten ari diren etxebizitza unitateak direla eta, eraikinaren bi atariei Santio Zeharra 8a eta 8b zenbakiak ematea, eta Santio Zeharra 8 zenbakia duen udal kiroldegiari Santio Zeharra 6 zenbakia jartzea erabaki zuen Osoko Bilkurak.
Udalaren berdintasunerako I. barne plana onartu zen Tokiko Gobernu Batzordean
Astigarragako Udalaren berdintasunerako I. barne plana bi fasetan gauzatu da: 2024an diagnostikoa burutu zen eta 2025ko lehen hiruhilekoan diagnostikoan identifikatutako erronkak lortzeko helburuak eta ekintza-plana adostu dira. Guztia negoziazio mahaiarekin batera burutu da eta udal langileei ere aurkeztu berri zaie plana.
Hainbat zerbitzu-kontratu esleitzea eta beste batzuk luzatzea onartu zen Tokiko Gobernu Batzarrak, honako hauek dira:
- Santiagomendiko aterpe-natur eskolaren zerbitzu-kontratua luzatzea Sasoi Sport SL enpresak zerbitzua esleitzeko orduan jarritako baldintzak eta zerbitzua modu egoki ematen duela baloratuta 2026ko abuztuaren 31 arte kontratua luzatzea ontzat eman da. Honako hau hirugarren eta azken luzapena izango litzateke.
- Gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua eta gizarte larrialdiei erantzuna emateko arreta psikologikoaren zerbitzu-kontratua esleitzea
Gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua eta prebentzio komunitarioko zerbitzua (1.lotea) eta Gizarte-larrialdiei aurre egiteko esku-hartze psikologikoko zerbitzua (2. lotea) Asociación intervención educativa kalexka enpresari esleitzea onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak, lizitazioan puntuazio gehien lortu duen enpresa izanagatik.
Zerbitzu hau bereziki adin txikikoei eta familiei zuzenduta dago, Udalak lizitazioa martxan jarri aurretik lanketa bat egin zuen, herriaren egoera aztertzeko, dauden beharrak identifikatu eta modu egokian erantzun ahal izateko. Zerbitzu honen baitan, hainbat hezitzaile eta psikologo bat arituko dira herrian lanean.
- Erriberako publikoaren arretarako zerbitzuaren zerbitzu-kontratua esleitzea (1.lotea)
Kulturaren arloan Erribera kulturgunean antolatzen diren ekitaldietan jendaurreko arreta eskaintzeko zerbitzua, Servicios auxiliares Sureuskadi, S.L. enpresari esleitzea onartu da, lizitazioan puntuazio gehien lortu dituena izan delako.
- Erriberako zerbitzu tekniko-eszenikoa zerbitzu-kontratua onartzea (2. lotea)
Lote hau hutsik geratu zenez, zerbitzu-kontratu honetarako prestatu diren baldintza plegu teknikoak eta administratiboak onartzea eta deialdia martxan jartzea onartu zuen Tokiko Gobernu Batzarrak.
Bidebitarte industrialdean zoladura berritzeko lanen (4. fasea) eta Ioltza bidea eta 45. herri bidea konpontzeko lanen obra-memoria balioztatuak.
Batetik, Bidebitarte poligonoan bideko zati baten zoladuraren berritze eta sendotzeko eta baita beste hobekuntza lanei ekiteko memoria ontzat eman da. Astigarragako Udala, azken urteotan, lehendik dagoen zorua eta ebakuazio-elementuak hobetzeko esku-hartzeak egiten ari da. Lanak egingo diren gunea, bi biribilguneen arteko tartea da, GI-131 errepideko biribilgunetik poligonorako sarbidetik, kale hori, poligonoaren irteerako noranzkoan, Still – Hostelberri eta Palfinger instalazioen artekoa, gutxi gorabehera. 139.701,12 euroko aurrekontua izango lukete lan horiek eta gutxi gorabehera 6 asteko iraupena. Ekainean jarriko du Udalak lizitazioa martxan eta obrak iraila-urrian hasiko direla aurreikusten da.
Bestetik, Ioltza bideko zati batean eta Arraspinetik goraka doan landa bidean konponketa, egokitzapena eta hobekuntza lanei dagokien memoria balioztatua onartu da. 89.190,60 euroko aurrekontua dute lan horiek, 6 asteko epea lanak gauzatzeko, eta Bidebitarteko kasuan bezala, ekainean jarriko da lizitazioa martxan eta obrak iraila-urrian hasiko dira.
Dirulaguntzek ere izan zuten lekua batzarrean:
Batetik, lehia bidezko dirulaguntza baten oinarriak eta deialdia onartu ziren, 2025eko euskara ikasteko dirulaguntza lerroarenak.
2024-25 ikasturtean edo 2025eko udan euskaltegi homologatu batean euskara ikasten edo hobetzen jardun duten astigartarrei Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) eman diezaizkiekeen dirulaguntza osatzea eta 2025- 2026 ikasturterako dirulaguntza aurreratzea da dirulaguntza hauen helburua. Horretarako 32.400 euro aurreikusi ditu Udalak.
Bestetik, kultura eta jaien arloan, bi dirulaguntza izendun:
- Txirriskla taldeari 13.200 euroko dirulaguntza, txistularitzaren zaletasuna sustatzeko, diana jotzeko tradizioarekin jarraitzeko, eta urtean zehar antolatzen duten programazioarekin laguntzeko.
- Danak Bat elkarteari 32.000 euroko dirulaguntza abuztuaren 22tik 25era ospatuko diren Ergobiako jaien antolaketa eta ekintzak bideratzeko.
