Albisteak

Atzealdea Klima aldaketaren aurka konpromiso zehatzak hartzeko mozioa

Irailaren 24ko osoko bilkurak “Klima aldaketaren aurka konpromiso zehatzak hartzeko mozioa” onartu zuen. Mozioa EH Bilduk aurkeztu, EAJ eta PSE-Eerekin adostu eta osatu ondoren aho batez onartu zen.

2019·09·26


Onartutako mozioak, batetik, larrialdi klimatikoaren egoera deklaratzen du, beste administrazioei egoera horri aurre egiteko neurriak hartzeko eskatzen die, Astigarragako Udalari eskatzen dio neurri zehatzak aztertu eta martxan jartzeko eta bat egiten du irailaren 20tik 27ra antolatutako ekimenekin.

ZIOA

Larrialdi Klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri da, gure ongizatearentzako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio erronka bat. Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera eta joerak ez du baikortasunerako tarte handiegirik uzten, are gutxiago geldotasunerako. Gazteentzako dagoeneko kezka nagusia bihurtu da, ez bakarrik larrialdia, baita gaiari ematen zaion erantzun politiko eskasa ere.

Azken urte luzeetan komunitate zientifikoak aldaketa klimatikoaren bilakaeraren inguruko abisuak eta jakinarazpenak igorri ditu. Aldaketa klimatikoa, berotegi efektuzko gasen isuri masibo baten ondorioz gertatzen ari da, eta isuri horien arrazoi nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza. Aldaketa klimatikoa, beraz, guk eragiten dugu nagusiki, eta dagoeneko ondorioak atzematen hasiak gara.

Urtez urte argitaraturiko txostenetan, egoera kaskartzen ari denaren zantzuak ditugu. Nazioarteko hainbat erakunde eta lantaldeek argitaratzen dituzten txostenetan gero eta argiago esaten da klima eta energia politiketan, eta ondorioz gure egunerokotasunean, eraldaketa sakon bat, iraultza bat, eman behar dela, baldin eta egoerari aurre egin nahi baldin badiogu eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu. 2018ko urrian, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak, plazaraturiko txosten berezi batean, tonua altxa zuen indarrean dauden politikek behar besteko anbiziorik ez dutela salatuz, eta elektrizitatearen, nekazaritzaren, garraioaren eta industriaren sektoreetan aurrekaririk gabeko aldaketak eskatuz.

2018ko azaroan, Nazio Batuen Ingurumen Panelak aditzera emandako txostenak egoera larria dela ohartarazten du, esfortzuak areagotzen ez badira hondamendira goazela azpimarratuz.

Gaia bere osotasunean ikusirik, argi dago ataka batean gaudela eta orain arte proposatu eta egindakoa berraztertu beharrean gaudela. Ahal dela, eta industria iraultza aurretiko egoerarekin alderatuta, 1,5ºCko tenperatura igoera ez gainditzea helburutzat zuen 2015eko Parisko Akordioa betetzeko, orain arte emandako pausoak guztiz ez-nahikotzat jo beharrean gaude. Hasieran genion bezala, zibilizazio erronka baten aurrean gaude, eta aurrez aurre Jaurlaritzaren eragin esparru eta ahalmenak gainditzen dituen lanak baditugu ere, egoerak partekaturiko esfortzu bat eskatzen du.

Gure ustetan, ipar orratza ahalik eta azkarren karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri baterantz begira jarri beharrean gaude, eta horretarako ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea. Prozesu honek gure jendartean inplikazio anitz eta sakonak ekarriko ditu, bai ehun produktiboan, bai mugikortasunean, bai lurralde antolamenduan eta abar, horregatik deritzogu pauso azkar eta eraginkorrak ematea ezinbestekoa dela.

Mozio honen bitartez, egoeraren larritasuna aitortzea dugu helburu, Larrialdi Klimatikoari behar besteko arreta ipintzeko asmoarekin, aurrerantzean politika publiko guztiak Larrialdi Klimatiko egoeraz kutsa daitezen. Hori horrela,

Astigarragako EH Bilduko udal taldeak honako MOZIOA aurkezten du

1. Astigarragako Udalak larrialdi klimatiko egoera deklaratzen du.

2. Astigarragako Udalak, Eusko Jaurlaritza premiatzen du deklaratu berri den larrialdi klimatikoaren egoerari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzera eta horretarako plan eta politika zehatzak abiatzera, udalekin koordinatuta, beharrezkoa den karbonogabetze prozesua 2040. urtera aurreratzeko.

3. Astigarragako Udalak, Jaurlaritza premiatzen du aldaketa klimatikoaren eraginez pairatuko ditugun ondorioetara egokitzeko neurriak hartzera .

4. Astigarragako Udalak, bere eskumenen baitan, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa adierazten du. Halaber, konpromisoa hartzen du beste erakundeekin elkarlanean jarduteko.

5. Astigarragako Udalak Aldaketa Klimatikoa eragiten duten udal eskumeneko faktoreen inguruko diagnosi bat eta 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena udalerrira egokitzeko hurbilpen lan bat egingo du, 2021erako.

6. Astigarragako Udalak, udalerriko egoeraren diagnosia kontuan hartuta, prozesu partehartzaile bat abiatuko du herritarren, auzoen, kontzejuen eta beste edozein eragileren ekarpenak barne bilduko dituen plangintza bat osatzeko, tokiko ekonomia zirkularra eta kontratazio berdean oinarrituta. Horren haritik, besteak beste, sentsibilizazio kanpainak egingo ditu herritarrak egoeraz jabetu eta parte hartzera gonbidatzeko.

7. Astigarragako Udalak, udalerriko herritar, eragile eta auzoekin elkarlanean, plangintza hau aurrera eramateko beharrezkoak diren bitarteko tekniko zein ekonomikoak bermatzeko konpromisoa hartzen du, bere gaitasunen araberakoa izanik plangintza gauzatzeko epea.

8. Astigarragako Udalak bat egiten du, larrialdi klimatikoaren egoera dela medio, irailaren 20tik 27ra deituta dauden ekimenekin eta herritar guztiak parte hartzera animatzen ditu.

9. Astigarragako Udalak herritarrei mozio honen berri emango die.

10. Astigarragako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako trantsizio ekologikorako ministerioari bideratuko die onartutako mozioa. Astigarraga,

2019-09-24 EH Bilduk aurkeztu eta EH Bildu, EAJ eta PSE-EEk adostutako mozioa