Albisteak
Atzealdea Kiroldegia eta Zarkumendegiko futbol zelaia hobetze lanetan
2020·04·10
Kiroldegia
Otsaila amaieran jarri ziren kiroldegiko muskulazio gelan 6 bizikleta eta eliptika berri bat. Herritarrek behin eta berriz eskatzen zituzten bizikleta berriak, batzuk egoera desegokian zeudelako; hori dela eta, Udal Gobernuak 2020ko aurrekontuan 12.000 euroko partida bat aurreikusi zuen horretarako.
Bestetik, martxoa hasieran ere lehen sotoan dagoen tatami gelan tatami berria jarri zen.
2018ko irailean, gehiegizko beroak eraginda, arazo larriak gertatu ziren hainbat ikastaroetan eta Udalak horiei guztiei behin-betiko soluzioa emateko aireztapen eta klimatizazio sareak hobetzeko lanak hasi ditu martxoaren amaieran. Arazoa azaleratu eta bi urte beranduago bada ere, udal gobernuak agindutakoa beteko du horrela. 71.600 euro inberituko dira ekimen hau gauzatzeko.
Azkenik, martxoko Kirol Batzordean hasiera eman zitzaion Kiroldegiko odutegia aldatzeko espedienteari, Eh Bildu eta PSOE-EEren aldeko botoekin onartu zen, EAJ-PNVk ordutegia zabalduz herritarrei zerbitzu hobea eskaintzearen kontra bozkatu zuen. Neurri hau hartu da erabiltzaile askok eskatu izan dutelako kiroldegiak egun duen ordutegia luzatzea; bereziki, goizetan lehenago irekitzea. Ordutegi berria alarma egoera amaitu eta hurrengo bizpahiru hilabeteetan martxan jartzea aurreikusten da.
Hau izango da Kiroldegiaren ordutegi berria:
- Astelehenetik ostiralera: 7:00-22:30 (orain arte 8:15 irekitzen zen)
- Larunbata: 9:00-20:00 (13:15 eta 15:00 artean itxita zegoen)
- Igande eta jaiegunak: 9:00-13:00 ( aldaketarik gabe)
Zarkumendegi futbol zelaia
Zarkumendegiko futbol zelaian zeuden zenbait arazoei aurre egiteko lanak ere hastear dira.
Batetik, itokin eta hezetasun arazo larriei aurre egiteko, aldageletako estalpea berritzeko lanak aurki hasiko dira
Bestetik, argiteria ere arazoak ematen ari zenez, erabaki zen Mundarro K.E eta Udalaren artean aldatuko dituztela futbol zelaiak dituen argiak. Lan horiek hilabete batzuetako iraupena izango dute eta bi zatitan egingo dira, lehendabizi Mundarro K.E-k aldatuko ditu berari dagozkion argiak, eta ondoren Udalak gauza bera egingo du. Udalak 37.000 euro bideratuko ditu horretarako.