Albisteak
Atzealdea Kirol Orientzazio Zerbitzua martxan da Astigarragan
2023·03·31
Zerbitzu hau Astigarraga AktiBATUZ programaren barruan kokatzen da. Programa honen helburua da herritarrek jarduera fisikoa egitea, bizitza aktiboagoa eta osasungarriagoa izatea, eta hori bultzatuko duen tokiko sare bat sortzea. Udala programa hori lantzen ari da, eta lehen harremana izan du herriko elkarteekin. Udalaren nahia eta helburua programa herriko eragileekin elkarlanean garatzea eta herrian sare bat sortzea da.
Kirol Orientazioko zerbitzuari dagokionez, Astigarragako osasun zentroarekin elkarlanean Udalak eskainiko duen doako zerbitzua da.
Dakigunez, jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak hainbat onura dakartza, eta eraginkorra da hainbat gaixotasuni aurre egiteko. Hori bultzatzeko, Kirol Orientazioko Zerbitzua sortu da, jarduera fisiko gutxi egiten duten herritarrei zuzendutako zerbitzua. Bere helburua eguneroko bizitzan jarduera fisikoaren ohiturak txertatzen laguntzea da. Orientatzaile batek herritarraren aukeretara, beharretara eta lehentasunetara ondoen egokitzen den jarduera fisikoko programa bat proposatuko dio, eta elkarrekin ezarritako helburuen betetze-mailaren jarraipena egingo du.
Nola funtzionatzen du?
Zerbitzua erabiltzen hasteko bi bide daude:
- Eskatu hitzordua zure kabuz, honela egin dezakezu:
- deitu 943 335644 telefonora (anbulatorioa)
- deitu 747482732 telefonora (orientazio-zerbitzua)
- kirolorientatzailea@astigarraga.eus helbidera idatzi
- Anbulatorioaren bidez: Medikuak zerbitzua aholkatuko dizu eta hitzordua eskatzeko bolantea emango dizu.
Hitzordua duzunean, orientatzailearekin bilduko zara, eta hark bizitza aktiboa izaten lagunduko dizu, zure aukerak eta beharrak aintzat hartuta.
Noiz eta non?
Zerbitzua astelehen, astearte eta ostiraletan eskaintzen da 11:00etatik 13:00etara, Astigarragako anbulatorioan.