Albisteak

Atzealdea Kirol ekitaldiz betetako larunbata

1
Irailaren 21ean, larunbatean, Astigarragan hainbat kirol ekitaldi egongo dira. Goizean, Euskadi kayak polo txapelketa egingo dute kiroldegian; eta arratsaldean, Santio igoera herrikoia haur, gazte zein helduentzat. Bestetik, astebururo bezala, Mundarroko partiduak ere jokatuko dira.

2019·09·20


Santio Mendi igoera herrikoia

Larunbatean, haur, gazte eta helduek gozatu ahal izango dute txirrindaz, adin bakoitzak bere neurriko ibilbidea izango baitu.

16:00etan hasiko dira haur eta gazteak txirrindekin mugitzen. Hauen izen-ematea doakoa izango da, eta adinen arabera 3 talde banatu dira ibilbide ezberdinekin.

  •  Haurrak Joseba Barandiaran plaza ingurutik ibiliko dira.
  • Alebinak (LH5 eta LH6) Joseba Barandiaran plazatik irten eta ipintzan izango dute helmuga.
  • Infantilak (DBH1 eta DBH2) Joseba Barandiaran plazatik irten eta ipintzan izango dute helmuga.

18:00etan helduen txanda izango da hauek ere Joseba Barandiaran plazatik irtengo dira, herritik barrena ibiliko dira eta Santio Mendiko ermitan izango dute helmuga. Hauen izen-ematea 5 eurokoa izango da.

Ondoren, sari banaketa egongo da. Sariak irabazleei (gizonezko eta emakumezko), lehen astigartarrei (gizonezko eta emakumezko), lehen hiru alebin, lehen hiru infantil eta parte hartzen duten haur guztiei banatuko zaizkie.

Horietaz gain, sari bereziak egongo dira. Ipintza saria ,bertatik aurretik pasatzen den gizonezko eta emakumezkoarentzat; azken kilometroa, izen bereko dendaren maillot-a duen lehen emakume eta gizonari; eta etzion/etziok erronka, talde, klub... ezberdinen arteko erronkako irabazleei.

Adin guztietarako izen-emateak aurrez kiroldegian eta gerizpe okindegian egin daitezke; eta egunean bertan, Joseba Barandiaran plazan.

Euskadiko kayak polo Txapelketa

Astigarragako Kiroldegian jokatuko da Euskadiko kayak polo txapelketa, larunbatean, goizeko 9:30etan hasita.

2012a ezkeroztik, Astigarragako Udalaren laguntzari esker eta instalakuntzen ezaugarri eta egoera onari esker, txapelketa antolatzeko aukera egon da.

Oraingoan 3 taldek hartuko dute parte; Atletico San Sebastian, Pasaia Kayak 2005 K.K. eta Donostia Kayak K.E.

Zazpi minututako bi denborek osatuko dute partidua. Denek denen aurka jokatuko dutelarik. Puntu gutxien eskuratzen dituen taldeak, hirugarren postua eskuratuko du. Beste bi taldeek, finala jokatu beharko dute, Euskadiko txapelduna zein den erabaki eta azpitxapelduna ere izendatzeko.

Kayak poloan, bost jokalariz osaturiko bi taldek parte hartzen dute. Helburua, besteen zelaian, bi metroko altueran kokaturik dagoen atean baloia sartzea izango da. Arau berezi zein ikusgarriz osaturiko jokoa da, oso joko erakargarri eta bizkorra. Baloia duen jokalaria irauli dezake aurkariak, baina atezaina ezin da ikutu. Denbora amaiturikoan gol gehien dituen taldea izango da irabazle.

1