Albisteak
Atzealdea Kanpainan jasotako hondakinen %86 hondakin birziklagarria da, kalean ditugun edukiontzietan sailkatuta utz daitekeena
2020·02·18
Sentsibilizatu, otsailaren 10etik 17ra
Astigarragan hondakinen %65-70 inguru egoki sailkatzen da. Hala ere, kezka handia sortzen du edukiontzi inguruan oker sailkatzen diren hondakin ugari ikusten delako sarri herriko hainbat zonaldetan. Arazoa herritarrei erakutsi, eta bide batez, horri buruzko kezka eta kontzientzia sortzeko asmoz abiatu zuen Udalak sentsibilizazio kanpaina hau.
Otsailaren 10ean Kontxa Etxeberria plazan eta Joseba Barandiaran plazan edukiontzien inguruan oker utzitako hondakinak pilatzen hasi ziren. Udalak otsailaren 12ra arte ez zuen horri buruzko abixurik plazaratu, herritarren artean harridura eta jakinahia pizteko asmoz.
Karakterizazioa: emaitza
Behin kanpaina amaitutakoan, hondakinen lagin baten karakterizazioa egin da (sailkatu eta pisatu) , jasotako emaitzak aztertu eta herritarrei erakutsi ahal izateko. Karakterizazioa Vermican Soluciones de Compostaje SL enpresak egin du.
Azterketa horretan 294,47 kilotako lagin bat aztertu da zehatz-mehatz (181,47 kilo JB plazan eta 113 kilo Kontxa Etxeberria plazan). Hondakin horiek frakzioz frakzio sailkatu eta pisatu egin dira.
Azterketa horren arabera, lurrean nahasian utzitako hondakinen %31 materia organikoa da, %14 papera eta kartoia, %11 ontziak eta abar. Hondakin horietatik %86 eskura ditugun edukiontzietan utz daiteke. Ikusi emaitzen txostena
Informazio gida postontzietan
Emaitzak erakutsi duenez, badugu zer hobetu. Hori dela eta, hondakinak egoki bereizten laguntzeko, otsailaren 19 eta 20an Astigarragako postontzietan “Hondakinak: informazio gida” izenburua duen gida banatuko du udalak.
Hondakinen informazio gida
Bederatzi atal hauetan dago banatuta gida, hondakinak egoki bereizten laguntzeko:
- Organikoa
- Papera eta kartoia
- Ontzi arinak
- Beira
- Errefusa
- Oihalak eta arropa
- Pilak, bateriak eta besteak
- Olioa
- Bolumen handiko hondakinak
Atal bakoitzean hondakin mota horri dagozkion edukiontzietan zer utzi, zer ez utzi, nola utzi eta jaso ondoren zer egiten den azaltzen da. Horrez gain, inguruko garbigune finko eta mugikorrari buruzko informazioa ere jasotzen da bertan.
Hemen duzue hondakinei buruzko informazio gehiago
Hondakinen bilketa, informazio gehiago
Hondakinen bilketari buruzko informazio gehiago jasotzeko edota zalantzak argitzeko, hemen duzue harremanetarako telefono zenbakia eta posta elektronikoa:
- Doako telefono zenbakia: 900 102 838
- Posta elektronikoa: hondakinak@astigarraga.eus