Albisteak
Atzealdea

Justo Arocena Arruabarrena astigartarra omendu zuten ekainaren 3an Gernikan, bertako ospitale militarrean hil ziren gerrako presoen artean.

6
Gernikako ospitale militarrean hildako 269 gerra-presoak gogoratu zituzten, Zallo hilerrian egindako omenaldian. Horien artean, Justo Arocena astigartarra.

2022·06·16


Astigarragan 1910eko apirilaren 28an jaioa, Juana eta Placidoren semea, ogibidez jornalaria eta UGTko afiliatua izan zen Justo. Astigarragako frente popularreko gerra komisarioa eta milizianoen zerrenda sinatzailea ere bai. Bilbon egon zen errefuxiatua 1936an. 1939ko ekainaren 15ean hil zen Gernikako gerrako presoen ospitale militarrean.

Gernikako Pipergorri kultur elkarteak 1938-1940 urteetan Gernikako gerra-presoen ospitale militarrean hil ziren preso errepublikarrei buruzko liburu bat argitaratu du, eta ondoren, ekainaren 3an, hildakoei omenaldia egin zieten.

Astigarragako Udalak Justo Arocena eta frankismoaren gainontzeko biktimak gogoan izan nahi ditu eta gerra zibilean gertatutakoak azaleratzea eta errekonozimendua eskaintzea beharrezkotzat du.

Udalak memoria historikoa berreskuratzearekin daukan konpromisoa medio, frankismoaren biktimen testigantzak jasotzeko bulegoa eduki du martxan aurreko hilabeteetan. Ildo beretik, dei egiten die Justo Arocenaren senideei Udalarekin harremanetan jar daitezen. Udalak jaso dituen testigantzak Argentinan irekita dagoen kereila kriminal kolektiboan txertatuko dira, espainiako justizia sistemaren aurrean aurkezteaz gain.

1 2 3 4 5 6