Albisteak
Atzealdea Julen Lizeaga sagar ekoizleari aipamen berezia
2019·09·25
Atzo, irailaren 24an egin zuten aurkezpena. Xabier Udangarin alkateak aurtengo berrikuntza nagusia igandeko topa herrikoian Julen Lizeaga sagar ekoizleari aipamen berezia egingo zaiola aurreratu zuen, “sagardo sagarra” proiektuaren alde egindako lanagatik.
Sagardo sagarra
Proiektu horren inguruan Fruiteleko presidente den Felix San Sebastianek hitz egin zuen, “sagardo sagarraren” heldutasunaren txostena aurkeztuz. Sagar urtea dela esan zuen; sagar ugari eta kalitate onekoa jasoko dela ziurtatuz. Joan den urtekoarekin alderatuz, azukre gutxixeago izango du, eta heldutasuna pixkat bat atzeratua datorrela azaldu zuen.
Lehen muztioa
Jokin Mariezkurrenak, sagardogileen izenean hartu zuen hitza, sagarra biltzeko garaian sartuta dolare lanak hasi direla azaldu zuen, eta igandean dastatuko den lehen muztioaz azalpen txiki batzuk ere eman zituen.
Egitaraua
Antton Arkak, kultur talde eta eragileen ordezkariak, egitaraua azaldu zuen. Aurtengo Sagar Uzta jaia antolatzeko kultur talde eta eragileek egindako lana azpimarratu ondoren, zenbait ekintza nabarmendu zituen: familientzat antolatutako tolare lanak azaldu zituen, Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketa eta afizionatuen pilota partiden berri eman zuen, besteak beste.
Egun nagusia irailaren 29a, igandea, izango da. Egun horretan; sagarraren azoka, txalaparta eta 2019 uztako lehen muztioaren topa herrikoia, herri bazkaria, Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketa eta afizionatuen pilota partidak bezalako ekitaldiez gozatu ahal izango da.
Ikus egitaraua osorik hemen