Albisteak
2024·02·07
Udalak hobarien errenta-maila igotzeko ahalegina egin du aurten, herritarrek hobari horiek eskuratzeko aukera gehiago izan dezaten, gizarte-babesa indartzeko helburuarekin. Horren ondorioz, hobari-eskaeretan 4 bakarrik geratu dira baztertuta diru-sarrerak gainditzeagatik.
53 horietatik 42k % 90eko hobaria jasoko dute, 6k % 75ekoa eta 5ek % 50ekoa. Beraz, aurten ere gehiengoek % 90eko hobaria izango dute. Gainera, azpimarratu behar da kanpoan geratu diren 15 eskaeretatik 4 bakarrik ezeztatu direla errenta-maila gainditzeagatik; gainerakoak ezeztatzearen arrazoiak epez kanpo aurkezteagatik, zorrak izateagatik eta beste ondasun batzuk izateagatik izan dira, besteak beste.
Hobariak
Udalak hobari hauek martxan jarri zituen baliabide ekonomiko urriak dituzten eta udal tasa eta zerbitzuen ordainketei aurre egiteko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko helburuarekin. Hau da, behar handiena duten astigartarrei udal-zerbitzuetan eta -tasetan onura ekonomikoak aplikatzeko.
Hiru hobari mota aplika daitezke: % 90 (onuradunak % 10 baino ez luke ordainduko), % 75 (onuradunak % 25 baino ez luke ordainduko) edo % 50 (onuradunak erdia bakarrik ordainduko luke). Familia-unitatea osatzen duten kideen kopurua eta diru-sarrerak kontuan hartuta aplikatzen dira ehunekoak.
Hobariak tasa hauei aplikatzen zaizkie: ura, zabor bilketa, hilerri zerbitzua, gaztelekuko jarduerak eta kultur etxeko ikastaroak. Hobaridun izaera aitortzen zaionari hobaria aplikatzen zaio aipatutako udal tasa eta zerbitzu guztietan.
Eskaerak aurkezteko epea urte osoan dago zabalik.
Azken urteetako konparazioa
Aurten iaz baino eskaera gutxiago jaso dira, baina gehiago onartu dira, eta aldaketa nagusietako bat da iaz eskaera asko ukatu egin zirela errenta-maila gainditzeagatik; aurten, berriz, beste arrazoi batzuk nagusitu dira. Udalak errenta-mailaren muga igo du, herritar gehiagok eskuratu ahal izan ditzaten; izan ere, bizitza-kostuaren igoeraren ondorioz, gero eta pertsona gehiagok izan ditzakete zailtasunak ordainketei aurre egiteko.
Ikus azken urteetako konparazio-taula:
|
2022 |
2023 |
2024 |
ESKAERA KOPURUA |
39 |
90 |
68 |
ONARTUAK |
29 |
46 |
53 |
UKATUAK |
10 |
44 |
15 |