Albisteak
Atzealdea Jarrera matxista eta arrazisten aurkako kanpainak jarri dituzte abian Astigarraga eta Hernaniko Udalek
2022·02·21
Txotx garaia berreskuratu dugun honetan, erasoen kontrako kanpaina abiatu dute berriz ere Astigarragako eta Hernaniko udalek. Urte osoan mantendu beharreko mezua den arren, ulertzen dugu arreta berezia eskatzen duen garaia dela. Gaur egin dute kanpaina horien aurkezpen bateratua Astigarragako Gurutzeta sagardotegian.
Jarrera matxista eta arrazisten aurkako kanpainen sustatzaileek eman dute prestatu dituzten ekintzen eta baliabideen berri. Izan ere, agerraldian izan dira Astigarragako eta Hernaniko Berdintasun sailetako ordezkari politiko eta teknikoak, Astigarragako Emakumeen Etxeko eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministako kideak, baita Astigarragako Gazte Asanblada, Gaztelekua eta Hernanin kulturartekotasuna sustatzen duen Amher-Sos Arrazakeriko ordezkariak ere. Bi herrietako kanpainen sustatzaileen ohartarazi dutenez indarkeriak ez du etenik eta guztiok dugu ardura jendarte justuago, bizigarriago eta berdinzaleago bat eraikitzerako orduan. Tinko adierazi behar dugu EZ dugula emakumeenganako, lgbt+ pertsonenganako, nahiz arrazializatutako edota migratutako pertsonen kontrako erasorik onartzen!
Aurten, sagardogileek eta herriko jatetxe eta komertzioek ere kanpaina honetan parte hartuko dute: beraiek dira Txotx denboraldiaren barruan eragile inplikatuak eta egoera horiek mozteko eta salatzeko laguntza handia eman dezakete. Horregatik, ezinbestekoa da euren inplikazioa eta sentsibilizazioa kanpaina honetarako.
Kanpainaren nondik-norakoak:
- Hainbat motatako erasoen aurrean protokoloak sortu dira* eta herriko taberna eta sagardotegiei eskuragarri jarri zaie.
- Bi herrietan eraso matxisten prebentziorako kartelak jarriko dira.
- Erasoen kontrako guneak jarriko dira, larunbat arratsaldetan.
- Astigarragako Kale nagusian 18:00etatik 21:00etara
- Hernaniko Tilosetan 18:00etatik 22:00etara.
*Hernani: Indarkeria matxista eta arrazista kasuetarako aholku eta jarraibide protokoloa
*Astigarraga: Eraso matxisten aurrean jarraitu beharreko protokoloa.
EZ DA ERASO MATXISTA ETA ARRAZISTARIK ONARTUKO!
GORA BORROKA FEMINISTA!