Albisteak

Atzealdea Jai Batzordeak Santio Jaiak bertan behera uztea erabaki du

Atzo arratasaldean Astigarragako Jai Batzordea elkartu zen 2020ko Santio Jaien inguruan erabakiak hartzeko. Bertan, herriko elkarteak (Astigar dantza taldea, Danborrada-taldea, Eragiyok abesbatza, Galtzaur elkartea, Gazte asanblada, Gaztelekua, Goldea, Sagardun eta Xaguxar) eta Udaleko ordezkariak (Alkatea, zinegotziak eta kultura teknikaria) bildu ziren. Aho batez erabaki zen publikoaren segurtasuna bermatzea ezinezkoa denez, 2020ko Santio Jaiak bertan behera uztea. Hala ere, kultur ekitaldiren bat antolatzea aztertzen ari dira, eta hori guztia zehazteko ekainaren 25ean bilduko da berriz ere batzordea.

2020·06·04


Atzo, ekainaren 3an, bildu zen kultur etxeko aretoan jai batzordea. Bilerara jaietan ekintzak antolatzen dituzten elkarte guztietako ordezkariak eta udal ordezkariak zeuden deituta, aforoa kontrolatu ahal izateko elkarteetako beste ordezkariei bilera bideokonferentziz jarraitzeko aukera eman zitzaien.

Aurrez, kultura sailak ohar bat igorri zien elkarteei jaietan antolatzen dituzten ohiko ekintzak egin daitezkeen ala ez, eta baiezkoa balitz, segurtasun neurriak betez nola egin litezkenaren inguruan hausnartzeko.

Batzordean ondorioztatu zen, zenbait ekintzetan partehartzaileen segurtasuna inongo arazorik gabe bermatu zitekeela, baina ez ikustera doan publikoarena. Hori dela eta, aho batez erabaki zen jaiak bertan behera uztea.

Hala ere, batzordekideek kultur jardueraren bat egiteko aukera irekia utzi zuten, betiere aforoa kontrolatuz eta une horretan indarrean dauden segurtasun neurriak errespetatuz. Hori guztia zehaztu eta aztertzeko, ekainaren 25ean, 18:30ean, kultur etxeko aretoan bilduko da berriz ere jai batzordea.