Albisteak
Atzealdea

Izaskun kaleko estolderia konpontzeko lanak martxan daude

Martxoaren hasieran amaituta egotea aurreikusten da.

2023·01·30


Aguiko etxebizitzak eraiki zituen enpresak, Construcciones ACR, S.A., eremua urbanizatu zuenean, saneamendu-sarea gaizki egin zuen. Zehazki, oso sakonera txikia utzi zuten estolderia-sareen muturretan eta honek errepidea hondora dezake eta epe ez oso luzean, estolderia bera ere haustea. Eta orduan, Udalak bere gain hartu beharko lituzke hauek konpontzeko gastuak.

Horregatik, Udalak urbanizazio-lanak jaso aurretik enpresari lanak behar bezala amaitzeko eskatu zion eta enpresak behin eta berriz uko egin zion. Hori dela eta, Udalak bere gain hartu du sarea ondo egiteko konpromisoa baina horretarrako enpresak obrak egiteko aurkeztutako 126.047,91 euroko abala eta fidantza ejekutatu ditu. Eta beraz, udalak ez du zentimo bat ere xahutuko lan hauetan. Udala bere kabuz hasi da estolderia konpontzen, enpresak aurkeztutako abala eta fidantza erabiliz; adar nagusiak berriro egingo dira, sakonera handiagoa emanez.

Enpresak, udalak abala eta fidantza ejekutatzeko izapidetutako tramitazioa epaitegira eraman zuen eta duela gutxi, 2023ko urtarrilaren 16an, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko Epaitegiak Astigarragako Udalari eman dio arrazoia. Hala ere, epaiari helegitea aurkez dakioke oraindik.

Obrak martxoaren hasieran amaituta egotea aurreikusten da.

Eragina bizilagunengan

Obrek irauten duten bitartean, une jakin batzuetan erreiren bat itxi eta aparkalekuak okupatu beharko dira. Horregatik, bizilagunei eta, oro har, herritarrei barkamena eskatzen diegu sor diezazkiekeen eragozpenengatik.