Albisteak
Atzealdea

Iruñeako erailketa matxista gaitzesteko adierazpena

Pasa den larunbatean Iruñean gertatutako erailketa dela eta, Astigarragako Udalak gaitzespena adierazi nahi du. Halaber, herritarrak gonbidatu nahi ditu parte hartzera Emakumeon Etxeak deitutako kontzentrazioan, uztailaren 3an, 19:00etan, Joseba Barandiaran plazan.

2023·07·03


Astigarragako Udalak bere gaitzespen irmoena azaldu du aipatutako erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazi nahi die senideei eta biktimaren hurbilekoei.

Astigarragako Udalak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

Emakumeon Etxeak erailketa hau gaitzesteko deitu duen kontzentrazioarekin bat egingo du Udalak, eta herritarrak gonbidatu nahi ditu parte hartzera. 2023ko uztailaren 3an izango da, 19:00etan, Joseba Barandiaran plazan.

Udaleko Alderdi Politikoek aho batez onartutako adierazpena