Albisteak

Atzealdea Iraileko Osoko Bilkurak 2026ko ordenantza fiskalari hasierako onarpena eman zion

Beste gai garrantzitsu batzuk ere jorratu ziren, hala nola, autobusaren inguruko mozioa; kiroldegiaren, Ergobiako plazaren eta Umako azokaguneko proiektuak; berdintasunaren arloko ikerketa-beka; eta dirulaguntzak, besteak beste.

2025·10·01


Ordenantza fiskala 2026: hasierako onarpena

Iraileko Osoko Bilkuran Udalak hasierako onarpena eman dio 2026ko ordenantza fiskalari. Orain, jendaurrean erakusgai jarriko da, herritarrek edota interesdunek alegazioak aurkez ditzaten. Hogeita hamar laneguneko epea izango da horretarako, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2026ko Ordenantza Fiskalean %4ko igoera aplikatuko da irizpide orokor gisa, KPI+ puntu bat. Aldi berean tasa batzuetan ez da igoerarik izango edota soilik KPI-a igoko da.

Datozen egunetan Udalak 2026ko Ordenantza Fiskalari buruzko informazio zehatza eskainiko du.

Astigarragako kiroldegia handitzeko eta eraberritzeko exekuzio proiektua eta eranskinak

Astigarragako kiroldegia handitzeko eta eraberritzeko proiektua izan zen Osoko Bilkuran landu zen gaietako bat. Transformazio zentro berria jartzeko obra martxan da, eta eranskinetan aldaketa batzuk eginda proiektuari oniritzia eman zaio. Hori horrela, obrak esleitzeko lehiaketa azaroko Plenora eramango da.

Autobus zerbitzuari buruzko mozioa

Mozioa EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen, EAJ eta PSE-k aurka bozkatu zuten.

Mozioan Foru Aldundiari autobus zerbitzua indartzeko eskatzen zaio, izan ere, Aldundiaren eskumena baita hiri arteko autobusa eskaintzea. Horrekin batera, Udalak azken urteotan egindako urratsak laburbiltzen dira. Emandako urratsen artean, Udalak duela ia lau urte eskaera idatzi landua aurkeztu zion Aldundiari, eta egun oraindik ez du erantzun landurik jaso.

Mozioaren amaieran hainbat puntu eskatzen zaizkio Aldundiari, bi eskaera egiten dira nagusiki:

  1. Astigarraga ospitale eta unibertsitateekin zuzenean lotuko duen autobus zerbitzua martxan jartzea, 2026an beranduenez.
  2. BU13 zerbitzua indartzea, maiztasun gehiagorekin, Oialumetik irteten diren errefortzuak jarrita eta behar gehien dagoenetan autobus artikulatuak jarrita.

Tokiko Gobernu Batzarrean bi proiektuetan obra-proiektuak eta kontratazio-espedienteak ontzat eman ziren:

  • Ergobiako plazatxoko berrurbanizazioa eta estalki berria: joan den astean Udala auzotarrekin bildu zen saio ireki batean. Proiektuan jasotzen diren lan garrantzitsuenak kiosko berria jartzea (estalkia duena), plaza berrurbanizatzea, irrisgarritasun inklusiborako eta drainatze iraunkorreko sistema duten berdeguneak gehitzea izango dira. Esleipen-prozedura hasiko da eta lanak 2025eko amaieran edo 2026ko hasieran hasiko dira.
  • Norberto Almandoz plazako azoka txikirako estalki bizia: Norberto Almandozen (Umako) azokagune estalia egingo da, herriko baserritarrek beren produktuak saltzeko leku egoki eta egokitua izan dezaten. Proiektua eta oinarriak onartuta, esleipena abian jarriko da, eta obrak 2025eko amaieran edo 2026ko hasieran hasiko dira.

Tokiko Gobernu Batzarrak Udalaren eta Aldundiaren arteko bi hitzarmen onartu zituen

  • Etxez-etxeko zerbitzua finantzatzeko hitzarmena 2026ra arte luzatzea onartu zen. Hitzarmen hori 2023tik dator eta baldintza berdinetan onartu da.
  • Gazte Tour ekimena antolatzeko hitzarmena onartu zen. Astigarragak gazteei zuzendutako jaialdia hartuko du urrian. Bi jarduera mota izango ditu: “masterclass” bat arte eszenikoekin lotua, eta kontzertu bat.

Genero ikuspegidun ikerketa-beka bat esleitzea ontzat eman zen batzarrean, Astigarragako emakumeen memoria historioa berreskuratzeko, balioan eta herritarren eskura jartzeko. Paula Valiente de la Cruzen “Astigarragako LBTIAQ+ emakumeen memoria historikoa” proiektuari esleitu zitzaion aipatutako beka.

Dirulaguntzak ere izan ziren hizpide batzarrean

  • Herriko kirolariei zuzendutakoak: Lehia askeko dirulaguntza deialdia abian jarri eta oinarriak onartu ziren. Dirulaguntza lerro honetan 4.000 euro daude, 2024/2025 denboraldian Astigarragako kirolarien kirol jarduera laguntzeko. Laster argitaratuko da GAOn deialdia. 2
  • Lehen sektoreko proiektuak sustatzeko dirulaguntzen eskaerak ebatzi ziren. Tokikora eraman ziren 5 eskaerak onartu ziren, 6000 euroko lau dirulaguntza eta 3367,19 euroko bat.