Albisteak

Atzealdea Irailean zehar “EMAKUMEA eta KIROLA" egitasmoaren baitan ekintza ugari

1
Irailean zehar "Emakumea eta kirola" egitasmoaren baitan Udalak doako ekintza ugari eskainiko ditu: hitzaldiak, erakusketa, kirol saio irekiak, etab.

2021·09·03


Urteak dira Astigarragako Udala emakume kirolariei ikusgarritasuna eman nahian dabilela. Izan ere, nahiz eta emakume kirolarien kopurua gorantz egiten ari den, oraindik ere kirol arloan badaude gainditu beharreko hainbat zailtasun. Alde batetik, zuzeneko bazterkeria egoerak jasaten dituzte hainbat kirolarik eta emakumeen taldeek, eta bestalde, nerabezaroan, unibertsitate garaian edota ama izandakoan kirola uzten dute emakume ugarik.

Azkenean, Udalaren nahia egi bihurtu da. Udaleko Berdintasun eta Kirol Sailaren artean doakoa den programazio zabala sortu dute, irailean zehar gauzatuko dena.

Irailaren 10etik 30era Iñaki Vergara Perezen “emakumea eta kirola" erakusketa ikusgai egongo da Erribera kulturgunean, astean zehar 9.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 20.00etara. Erakusketa honek emakumezkoen kirolak bizi duen errealitatea eta bertan, gizartearen beste arlotan gertatzen den moduan, aurki dezakegun berdintasun eza erakustea du helburu. Argazkiek emakumeen egunerokoa erakusten dute (gaitasuna, teknika, sufrimendua, talde lana) eta testuek emakumezkoen kirolak bizi dituen hainbat egoera (aitortza, erabaki postuetan presentzia eza, hedabideen arreta eskasa) salatzeko balio dute. Erakusketan, Astigarragako emakume kirolariek gune berezi bat izango dute.

Bestetik, herri eskolako ikasleei erakusketara etortzeko gonbitea luzatuko zaie, eta horretaz gain, Astigarragako bi kirolari profesionalekin berriketan aritzeko tartea eskainiko zaie. Oihana Blanco judoka eta Olatz Alkorta piraguistak beraien bizipenak azaldu eta ikasleen galdera eta interesak erantzungo dituzte.

Giza proban ibilitako Astigarragako Emarri taldearen dokumentala eta mahai-inguruak emango dio hasiera egitarauari eta Cholitas dokumentalak itxiko du.

Beste emakume kirolari batzuk ere hitzaldiak eskainiko dituzte, esaterako, Leire Olabarria txirrindulariak “kirola eta amatasuna”z hitz egingo du eta Gaztelekuko nerabeek Patri Espinar pilotariaren kirol esperientziak entzuteaz gain, El Conquis saioko bitxikeriak ezagutzeko aukera izango dute.

Kirol saioak

Kirol praktika ezberdinak ikusteko aukera ere egongo da irailean zehar. Mundarro kirol elkarteko futbol, saskibaloi, eskubaloi eta palistek euren partidu eta txapelketak antolatu baitituzte. Palista profesionalen partidu bat ikusteko aukera ere egongo da.

Gainera, Astigarragako emakumeek gorputza mugitzeko saio irekiak izango dira Kiroldegiak antolatuta; korrikaldia eta zumba ikastaroa. Hauetan parte hartu ahal izateko izena eman beharko da irailaren 20, 21 eta 22an.

Bide batez, Mundarro kirol elkarteko zuzendaritzako kide diren Jon Goiburu eta Andoni Arrarasi eskerrak eman nahi dizkiegu, azken urte hauetan emakumeen taldeen osaketan egin duten saiaketa, lana eta esfortzuagatik.

Zaintza zerbitzua

Emakumeen parte hartzea ahalbidetu eta bermatzeko ekintza desberdinetan zaintza zerbitzua eskainiko da; dokumentalak ikusteko, hitzaldiak jarraitzeko nahiz kirol saio irekietan.

Zerbitzua erabili ahal izateko aldez aurretik jakinarazi beharko da 943 50 57 01 telefonoan edo berdintasuna@astigarraga.eus helbidean ekintza baino 2 egun lehenago.

1