Albisteak
Atzealdea Irailaren 27an “Astigarragako emakume erreferenteen bila (1940-2000)” ikerketa-lanaren aurkezpen-saioa egingo da, 18:00etan, Emakumeon Etxean
2023·09·20
Ezbairik gabe Kontxa Etxeberria da astigartar emakume ezagunena, baina beste emakume asko dira herriari alor askotan ekarpena egin diotenak. Udalak sustatutako Astigarragako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko ikerketa-bekaren markoan, Andrea Loinaz Maizcurrena eta Eider Ugarte Rodriguez bekadunen ikerketa-lanaren helburua honakoa da: 1940. eta 2000. urte bitartean Astigarragari ekarpen esanguratsua egin dioten emakume erreferenteen bilduma osatzea. Horretarako, Astigarragan epealdi horretan (1940-2000) eta hainbat arlotan ekarpenak egin dituzten emakumeen bila dabiltza, hala nola: merkataritzan, politikan, kulturan, kirolean, musikan, bizitza publikoan, hezkuntzan...
Emakume horiek herritarrekin elkarlanean identifikatu nahi dituzte eta horretarako ikerketa-lanaren aurkezpen-saioa antolatu dute irailaren 27an, 18:00etan, Astigarragako Emakumeon Etxean. Saio horretan bi bekadunak arituko dira hizlari gisa eta ikerketaren metodologia azaldu ondoren, bi gogoeta eragin nahi dituzte: batetik, erreferente izatea zer den eta bestetik, Astigarragan nor izan daitekeen emakume erreferente. Saiora bertaratzen direnekin herriko emakume erreferenteen zerrenda sortzeari ekingo diote.
Herriko emakume erreferenteak proposatzeko inkesta: denok dugu zeresana
Edozein herritarrek buruan duen emakume hori proposa dezake inkesta bidez eta bertan nahi adina emakumeen izen-abizenak zehaztu daitezke, zer alorretan eta egin duten ekarpena adieraziz. Erraz eta azkar bete daiteke eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu nork bere aletxoa jartzera.
Inkesta digitalean (udal webgunean) edo paperean (Emakumeon Etxean eta Erribera Kulturguneko harreran jarritako buzoietan) erantzun ahal izango da urriaren 27ra arte. Astigartar guztien laguntza baliagarria izango da itzalean dauden emakumeak argitara eramateko.
Gaiari buruzko informazioa nahi duenak edo ikerketa-lan honi ekarpena egin diezaiokela uste duenak idatzi dezala berdintasuna@astigarraga.eus helbidera edo deitu 638206586 telefono-zenbakira.