Albisteak

Atzealdea Ingurumenarekin lotutako hainbat jarduera izango dira herrian datozen asteetan

Ekainaren 5a Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izango da. Hori dela eta, maiatza eta ekaina bitartean, hilabetez, hainbat jarduera izango dira Astigarragan.

2025·05·06


Jarduerak Udaleko Ingurumen sailak eta hainbat eragilek antolatu dituzte eta herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko helburua dute. Hona hemen antolatutako ekintzak:

Aranzadi Zientzia Elkartearekin Andre Gobadarien Ibai Parkeko urmaela berregingo da

Lanak auzolanean egingo dira ekainaren 6an. Goizean zehar Astigarragako Herri Eskolako LH6. mailako ikasleek hartuko dute parte auzolanean. Lanak goizean bukatuko ez direnez, arratsaldean deialdi irekia egingo da, eskolako zein herriko jendeak parte hartu ahal izateko.

CIMASUB (Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren)-ren baitan hainbat ekintza egingo dira

Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren helburua itsas hondoa ezagutaraztea eta harenganako maitasuna eta errespetua transmititzea da.

Ziklo honen baitan, Astigarragan hainbat ekintza antolatu dira, guztiak doakoak izango dira.

  • Itsaspeko zinemaren proiekzioak: maiatzaren 14, 21 eta 28an, 19:00etik 20:30etara, Erribera kulturgunean.
  • Itsaspeko txikizikloa: maiatzaren 19an Herri Eskolako ikasleei proiekzioa eskainiko zaie Erribera Kulturgunean.
  • Argazki erakusketa: maiatzaren 14tik 28ra egongo da ikusgai Erribera Kulturgunean.
  • Itsaspeko adinzikloa: eguneko zentroko erabiltzaileei proiekzioa eskainiko zaie maiatzaren 21ean eguneko zentroan bertan.

Arantzazuko Ama BHI Ikastetxeko ikasleak itsas hondakinen erronkan parte hartzen ari dira (https://ihe.mater.eus/) eta horri lotuta zenbait ekintza egingo dituzte Astigarragan.

  • Maiatzaren 5ean eta 7an

17:30ean, Erribera kulturgunean, NEMRE taldeak antolatuta, materialak berrerabiliz arropa sortzeko tailerra egingo da.

  • Maiatzaren 10ean
    • 10:00-12:00, Andre Gobadarien ibai parkean, Olatu garbiak taldeak antolatuta, ibai parkearen garbiketa eta hondakinen bilketa egingo dute. Jarraian, sari banaketa egongo da.
    • 10:30-12:30, udaletxeko aterpean (kontzejupean), tetrabriken berrerabilera bultzatzeko tailerra egingo da haur eta familiekin.
    • 12:30ean, udaletxeko plazan “zabor artean, bertsoa garbi” bertso-saioa eskainiko dute ikasleek.
  • Maiatzaren 11n

Gazte asanbladak antolatutako azokaren barruan bigarren eskuko produktuen postuak jarriko dituzte Arantzazuko Ama Ikastetxeko ikasleek. Eko-malipape taldekoek materiala biltzeko kutxa batzuk jarriko dituzte udaletxean, Erribera kulturgunean eta Herri Eskolan maiatzaren 2tik 10era bitartean.

Itsas hondakinen erronkari buruzko informazio gehiago