Albisteak

Atzealdea III. Ahober Zikloa: bigarren kontzertua irailaren 20an izango da, 18:30ean, Erribera kulturgunean

1
III. Ahober zikloan Eragiyok abesbatza Ferrum, Asturiaseko ahots grabeen abesbatzarekin, ariko da.

2025·09·15


Ekainean Kanta Cantemus Korua emakumezkoen taldeak aurtengo zikloari hasiera eman eta gero, Eragiyokek antolatzen duen, eta Astigarragako Udalaren laguntza duen, Ahober zikloak urteko bigarren hitzordua izango du datorren larunbatean, irailaren 20an.

Saioa bi taldeen estilo desberdina eta osagarria entzuteko aukera paregabea izango du. Kontzertuaren hasieran Eragiyokek anfitrioi lanak egingo ditu. Jon Larrauriren zuzendaritzapean, orain arte abestu ez dituzten lau obra berri aukeratu ditu koruak, Guridi, Brahms, Aita Donostia eta Aldaverenak.

Horren ostean, arratsaldeko protagonista nagusia izango den Ferrum talde gonbidatuaren txanda izango da. Asturiarrek 2019an hasi zuten bere bidea «El León de Oro» proiektu musikalaren baitan, baina pandemiarengatik jarduera eten eta gero indarrez ekin zioten berriro ere 2024an eta dagoeneko hainbat sari irabazi dute. Kontzerturako Marco Antonio García de Paz zuzendariak XX. mendeko musikagileen piezak aukeratu ditu nagusiki eta, horrela, Pärt, Lauridsen, Whitacre edo Gavitoren lan sakroak zein profanoak entzun ahal izango dira.

Ohikoa den moduan bukaeran bi taldeak batera agertuko dira oholtzan, elkarrekin bi obra ezagun eskaintzeko, Javier Bustok egindako ‘Txoria txori’-ren moldaketa (‘Nerea izango zen’) eta Jesus Guridiren ‘Boga, boga’.

Emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta gonbidapenak dagoeneko eskuratu daitezke Astigarragako Udalaren webgunearen bitartez edo Erribera kulturgunean bertan.

III. Ahober zikloaren azken kontzertua

Azken emanaldia abenduaren 20an izango da Erribera kulturgunean. Ainhoa López de Muniain sopranoa eta Josu Cabrero tenorra izango dira Eragiyokekin batera; opera eta zarzuelako pasarteak eta eta Gabon-kantak eskainiaz.

1