Albisteak
Atzealdea II. Ahober abesbatza zikloaren itxiera Eragiyok eta Txirriskla txistulari taldearekin
2024·12·10
Ahober zikloak urteko azken hitzordua izango du datorren larunbatean, abenduak 14, Erribera kulturgunean arratsaldeko 19:00etatik aurrera Eragiyoken eta Txirriskla txistulari taldearen eskutik.
Ahober 2023. urtean jarri zen abian Eragiyokek ahots berdinen errepertorioa lantzeko eta zabaltzeko egindako lanari jarraipena emanez, ohiko zikloek gutxiago lantzen duten esparrua. Ordutik, antolatzaileez gain, Bilboko Jatorki Ahots Zuriak, Voces Graves de Madrid, Oñatiko emakumeen Hots Abesbatza eta Segoviako TuttoVoce taldea pasa dira Astigarragatik.
Oraingo honetan, euskal musikaz osatuta egongo da abesbatzak eta txistulariak prestatu duten egitaraua. Besteak beste, Illunabarra, Maite edo Saratarra moduko klasikoak entzun ahal izango dira, hain ohikoak ez diren Erromerian edo Donostiko kaiean moduko biribilketekin batera. Abendu betean egonda, hainbat Gabon-kantek osatuko dute saioa, Eguberriaren aurrerapen gisa.
Abesbatza eta txistulariak Jon Larrauri Delikaren zuzendaritzapean arituko dira. Gasteiztarra azaroan hasi zen Eragiyok zuzentzen eta larunbatekoa izango da bere lehen kontzertua Astigarragan.
Emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta gonbidapenak dagoeneko eskuratu daitezke Astigarragako Udalaren webgunearen bitartez edo Erribera kulturgunean bertan.
Eragiyok
2018an sortuta ahots grabeen abesbatza da. Bere sorkuntza orokorrean kultura musikala eta, zehatzago, euskal abesbatzen musika tradizioa zabaltzeko eta indartzeko ahaleginean oinarrituta dago, arreta berezia jarriz euskal musikagile nagusiek sortutako folkloreari eta eliz-musikari. Aldi berean, beste obra mota batzuk ere lantzen ditu, esaterako, nazioarteko folklorea eta errepertorio lirikoa (opera eta zarzuela).
1. saria lortu du bi lehiaketatan: Errenteriako 72. Gabon Abesti Sariketa Probintziala (2018) eta Bartzelonako 56. Festival Internacional de Cant Coral (2021).
Nabarmentzekoa da euskal musika gure eremutik kanpo eramateko egindako lana, Frantzian (Rencontres Internationales de Voix d’Hommes eta Festival International Cant’A Choeur), Espainian (Segoviako Encuentro de voces graves eta Torreviejako Certamen Internacional de Habaneras y Polifonía) eta Italian (Sardiniako Cantigos in Carrela).
Era berean, lau opera produkziotan parte hartu du Luis Mariano Lirika Elkartearekin eskutik: ‘Nabucco’, ‘Rigoletto’, ‘Il Trovatore’ eta ‘La fille du régiment’.
Txirriskla txistulari taldea
1973 hasi zuen bere ibilbidea astiartar txistulari talde batek lehen emanaldia eman zuen Astigarragako Pelotari kalearen inaugurazioan, eta ordutik herriko ekintza eta ospakizun garrantzitsu guztien parte izan da.
Txirriskla txoritxoaren izena hartuta, gaur egun, dozena bat txistulari eta atabalarik osatzen dute taldea. Euskal Herriko txistu-doinu desberdinak zabaltzea eta ezagutaraztea da beraien xedea, eta lan horretan, urtean zehar hainbat emanaldi ematen dituzte Astigarragan: txotx irekiera, Ihauteriak, San Isidro, San Joan, Santio jaiak, sagar uzta berriaren ospakizuna… Gainera, 1989tik astiartarren egunsentia alaitzen dute igande goizetan, diana jotzen baitute Astigarragako kaleetan zehar. Horretaz gain Euskal Herriko hainbat txokotan aritzen dira urtean zehar.