Albisteak
Atzealdea II. Ahober abesbatza zikloaren bigarren kontzertua, TuttoVoce (Segovia) eta Eragiyok
2024·09·24
Eragiyok abesbatzak antolatzen duen Ahober zikloak urteko bigarren hitzordua izango du datorren larunbatean, irailak 28, Erribera kulturgunean arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Saioak bi taldeen estilo desberdina eta osagarria entzuteko aukera paregabea ekarriko du. Batetik, kontzertuaren hasieran Eragiyokek euskal musikako klasiko batzuk zein Astigarragan orain arte eman ez dituen piezak eskainiko ditu, Miren Gabirondo pianoan lagun dutela.
Horren ondoren arratsaldeko protagonista nagusia izango den talde gonbidatuaren txanda iritsiko da, TuttoVoceren txanda. Segoviarrak bere 25. urteurrena ospatzen ari dira 2024. urtean, eta hori dela eta egitarau berria prestatu dute. Egitarau honek bakarka emandako obrak ditu, baina baita musikarien laukote baten laguntzaz (akordeoia, gitarra, kontrabaxua eta perkusioa) emandakoak ere. Musika eta abesti latinoamerikarren zaletuentzat aski ezagunak diren doinuak eta erritmoak lantzen dituen talde honek. Era honetan, ‘Quizás, quizás’, ‘Piel canela’ eta ‘El día que me quieras’ klasikoen modukoak entzun ahal izango dira, guztiak ere Miguel Gálvez Yubero zuzendariaren moldaketekin.
Bukaeran, bi taldeak batera agertuko dira oholtzan, bataren zein bestearen errepertorioko piezak eskainiz.
Emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta gonbidapenak dagoeneko eskuratu daitezke Astigarragako Udalaren webgunean edo Erribera kulturgunean.
Hirugarren kontzertua abenduaren 14an
Kontzertu honen ostean aurtengo Ahoberren azken emanaldia abenduaren 14an izango da. Oraingoan Txirriskla Txistulari Taldea izango da Eragiyokekin batera arituko dena euskal musikako doinuak eta gabon-kantak eskaintzeko.