Igande honetan izango da Sagardoetxearen etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa
2022·02·03
“Ados al zaude Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenarekin?”. Hau izango da Astigarragako herritarrek igande honetan egingo den herri-galdeketan erantzun beharko duten galdera .
Gaur egun ezagutzen dugun Sagardoetxeak 15 urte bete berri ditu, hamaika dira bertatik egiten diren lan eta jarduerak. Hasi sagarraren kulturaren ezagutza bildu eta zabaltzeko jardueretatik (dokumentazio zentroa, bisita-gidatuak, jardunaldiak…), herri mailan ospatzen diren eta herriko eragileekin batera antolatzen diren ekimenak arte.
Sagardoetxea baina txiki geratu da. Gaur egun egiten diren jarduera eta ekimenak aurrera eramateko eta sagar-kulturaren inguruan bildutako dokumentu eta pieza etnografikoak bildu eta herritarren eskura jartzeko leku nahikorik ez dago. Halaber, sagar- eta sagardo-kulturaren alorrean gaur egungo lan-ildoak sendotu eta berriak zabaldu nahi dira, beti ere lankidetza oinarri.
Testuinguru honetan, Sagardoetxearen etorkizunerako hurrengo proposamena luzatzen da:
- Sagardoetxearen proiektu berriak Astigarraga sagardogintzaren eta sagarraren kulturaren erdigunean jarriko du eta herri- eta eskualde-izaera eta -proiekzioa gaindituko ditu.
- Bertako ekonomia, merkataritza eta turismoa sustatuko ditu, eta askotariko bisitariak erakarriko ditu (bertako nahiz atzerriko bisitariak, ikastetxeak…).
- Sagardoetxearen proiektua landuko da sagardogile eta sagarraren sektorearekin, beste administrazio publikoekin, herritarrekin eta eragileekin.
- Egoitza berria Kontxa Etxeberria lorategiaren eta sagastiaren artean kokatuko da. Egoitza hori lurpean egingo da hein handi batean eta, beraz, lorategiak herritarrentzako berdegune eta aisialdirako eremu izaten jarraituko du. Sagardoetxe berriak ez du Kultur Etxe Zaharraren eraikina erabiliko.
- Sagardoetxe berriaren finantzaketan Astigarragako Udalak eta beste administrazioek parte hartuko dute. Sagardoetxe berriaren proiektuak ez ditu inola ere baldintzatuko eta ezerezean utziko bestelako udalinbertsio eta -zerbitzuak
- Sagardoetxe berriaren proiektua estrategikoa da Astigarragarentzat. Sagardoetxeak, sagardoaren kultura sustatuz eta hedatuz, gure ondarea balioan jarriko du.
Informazio gehiago:
https://www.astigarraga.eus/eu/sagardoetxea-galdeketa-otsailak-6