Albisteak

Atzealdea Ibai-parkea handitzeko obrak bide onetik doaz

3
Obrak maiatzean amaituko dira eta, horrela, ibai-parkearen ibilbidea Bidebitarte poligonoaren amaieraraino iritsiko da

2024·02·23


2017an Andre Gobadarien ibai-parkearen lehen zatia egin zen, gaur egun herritarrentzako aisialdirako, paseorako eta jolaserako gunea dena. Orain martxan daude parkearen egokitzapen eta jarraipen lanak.

Ibai-parkea handitzeko egiten ari diren obren bidez, uholde-arriskuak murriztu, ibai-ekosistema hobetu eta herritarrengana hurbildu nahi da, espezie inbaditzaileen aurka borrokatzearekin batera. Hori guztia eremu horretan hainbat egokitzapen eginez lortuko da, besteak beste, errekastoaren ibilgua desbideratzea, espezieak eta landaredia egokitzea, oinezkoentzako bideak egitea eta hiri-altzariak jartzea.

Alde batetik, uholde-arriskua minimizatzeko, eremua ekialdetik zeharkatzen duen errekastoaren ibilgua desbideratuko da, poligonoari atxikita dagoena eta poligonoko euri-urak biltzen dituena. Ondoren, ibilgu berria zeharkatzen duen oinezkoentzako bideari jarraipena emateko eta poligonoko euri-uren bilketa bideratzeko pasabide bat jarriko da. Horrekin batera, Urumea ibaiaren eskuin ertzeko plataforma jaitsiko da.

Bestalde, espezieak eta landaredia egokituko dira, hau da, dauden espezie exotikoak tratatuko dira eta inbaditzaileak ezabatuko dira. Sartuko diren espezieen eta landareen kantitateak zonaren tipologiaren araberakoak izango dira. Horretarako, landaketa-dentsitateak egokitu egingo dira, sartutako bideekin eta bidezidorrekin bateragarriak izan daitezen. Anfibioentzako putzu bat ere eraikiko da, habitata dibertsifikatzeko eta espezie horien ugalketa-eremuak sortzeko.

Azkenik, oinezkoen pasealekuak egingo dira eta hiri-altzariak jarriko dira.

Aurrekontua 603.914,59 €-koa da (BEZa barne) eta obrak maiatzean amaituko dira.

1 2 3