Albisteak

Atzealdea Hondakinen tasaren 2025eko lehen ordainketak egiteko epealdia hasi berri da

Aldaketa ugari dakartza 2025eko hondakinen tasak, egituraren aldaketak eta igoerak, besteak beste.

2025·06·12


Hondakinen tasaren 2025eko lehen ordainketak egiteko epealdia hasi berri da. Hainbat aldaketa ditu tasa horrek 2025ean, 7/2022 Legeak ezarritako betekizunak betetzeko: tasen igoera orokorra, tarifen egituraren aldaketa... Ondoren dituzu argibideak eta azalpenak.

Hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuaren tasa

7/2022 Legeak betebeharra ezartzen du hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuaren kostu osoa hondakinen tasen bidez estaltzeko. Era berean, urratsez urrats sortzez besteko ordainketa sistemak ezartzeko helburua jartzen du, alegia bakoitzak sortzen duenaren arabera ordaintzea. Helburu horiek lortzeko, 2025eko ordenantza fiskalen hondakinen ordenantza fiskalean hainbat aldakuntza egin ditu Udalak.

  • Batetik, tasak igo ditu, legeak agintzen duen moduan zerbitzuaren kostua tasarekin estaltzeko. Orain arte kostuaren zati handi bat udal aurrekontu orokorretik finantzatu izan da. Horrez gain, azken urteotan igoera handiak izan dira gisa horretako zerbitzuen kostu materialetan eta giza baliabideetan. Horrek guztiak igoera handiak eragin ditu kostuetan, eta ondorioz tasetan.
  • Bestetik, tarifa sistemak egokitu du Udalak, bereziki etxebizitzen tasan eta komertzioen tasan.

Hona hemen xehetasunak:

Etxebizitzen tasa

Orain arte etxebizitza guztiek tarifa bera izan dute (2024an 111,58 euro). Bistan denez, horrela egitea ez da bidezkoa sortzez besteko ordainketaren ikuspegiarekin, agerikoa baita kide bakarra duen etxebizitzak edota 5 dituenak ez dutela hondakin kopurua bera sortzen. Hori dela eta, etxebizitzan erroldatuta dagoen kide kopurua kontuan hartzen duen tarifa-egitura jarri du Udalak.

Hona hemen etxebizitzen tarifa berriak:

 

Etxebizitzan erroldatutako pertsona kopurua

 

0-1

2-3

4-5

6 edo gehiago

Etxebizitzak: tasa orokorra urteko.

145,57

167,41

181,97

196,52

Ordainketa hiru zati berdinetan egingo da (lehendabizikoa, orain 2025eko ekainean).

Etxebizitzen tarifetan lehen zeuden deskontuak aplikatuko dira konposta egiteagatik edota, landa eremuaren kasuan, ekarpen guneak erabiltzeagatik:

  • Autokonposta egiten duen etxebizitzak: %40ko beherapena.
  • Ekarpengunea erabili behar duten etxebizitzak: %30eko beherapena.
  • Autokonposta egiten duten eta ekarpengunea erabili behar duten etxebizitzak: %50eko beherapena.
  • Auzokonposta egiten duten etxebizitzak: %30eko beherapena.
  • Ekarpengunea (edota hurbilen dagoen edukiontzi-sorta) 3 km edo urrunago duten etxebizitzak: %25eko beherapen gehigarria (ekarpengunea erabiltzeagatiko beherapenari gehituko zaiona).

Deskontu horiez gain, zailtasun ekonomikoak dituzten familiek udal tasa eta prezio publikoen hobariak eskura ditzakete (ura, saneamendua, hondakinak, hilerri zerbitzua, gaztelekuko eta kulturguneko jarduerak) ordenantza fiskaletan ezarritako diru-sarrera mugen baldintzak betez. Hobariak %25, %50, %75 edo %95ekoak izan daitezke, bizikidetza unitateko kide kopurua eta unitatearen diru-sarreren arabera.

Komertzioen tasa

Komertzioen tarifen kasuan, tarifen egitura berrantolatu egin du Udalak, jardueren azalera kontuan hartuz eta jarduera-motaren arabera hondakin sorkuntzaren sailkapena hobetuz. Komertzioen tarifetan igoera handiak daude, bereziki hondakin sortzaile handien kasuan, sortzez besteko arauari jarraiki. Honako multzo hauetan bereizi dira komertzio jarduerak eta bakoitzean, azaleraren arabera, tarifa ezberdinak ezarri dira:

  • Jarduerarik gabeko lokalak, ur hartunerik gabe
  • Jarduerarik gabeko lokalak, ur hartunearekin
  • Jarduera organikorik gabe
  • Elikagaien salmenta
  • Tabernak, kafetegiak eta antzekoak
  • Sagardotegiak eta jatetxeak
  • Biltegiak, bulegoak, ekoizpen eremuak (sagardotegi jarduerari lotuak), aparkaleku zerbitzu aniztunak, askotariko jarduera eremu handiak (hondakin sorkuntza esanguratsurik gabeak)
  • Alojamendu zerbitzuak; landetxeak, pentsioak, hotelak eta antzekoak

Ordainketa hiru zati berdinetan egingo da (lehendabizikoa, orain, 2025eko ekainean).

Beste berrikuntza bat ere badakar 2025eko komertzioen tasak, hain zuzen ere, hondakinen sorkuntzaren ikuspegitik beregainak diren jarduera ugarien kasua. Komertzio batek bi jarduera nagusi eta nabarmen baldin baditu, bi tarifa ordaindu beharko ditu. Esate baterako, sagardotegi batek ostalaritza jarduera eta sagardogintza jaduera baldin baditu bi jarduerak bereiz hartuko dira kontuan, betiere bakoitzaren tamaina esangaratsua baldin bada.

Komertzioetan aplikatuko diren tarifei beherapen hauek aplikatuko zaizkie:

  • Ekarpengunea erabili behar duten landa eremuko komertzioak: %30eko beherapena.
  • Gehienez 6 hilabeteko jarduna duten komertzioak (adibidez, soilik sagardotegi-denboraldian zabaltzen duten sagardotegien ostalaritza jarduera): %40ko beherapena.

Poligonoetako lantegien tasa

Poligonoetako lantegien bilketari dagokionez, ez da aldaketarik izan tarifen egituran. Aldaketa tarifen igoera orokorra izan da. Poligonoetako bilketako tarifen kontzeptu guztiak %28 igo dira, goragio aipatutako 7/2022 Legearen eskakizunak betetze aldera.

Informazio gehiago hondakinei buruzko zerga ordenantzari buruz: Ikus zerga ordenantzak Udalaren webgunean

Ikus zerga ordenantzaren hondakinen atala hemen.