Hondakinen sentsibilizazio kanpaina, otsailaren 10etik 16ra
2020·02·12
Herritar askok ondo sailkatzen ditugu hondakinak, baina asko dira hondakinak edukiontzien inguruan uzten dituztenak, nahasian eta sailkatu gabe.
Arazo hori erakutsi eta utzikeria horri aurre egiteko Astigarragako Udalak sentsibilizazio kanpaina bat jarri du martxan. Otsailaren 10etik 16ra Kontxa Etxeberria plazan eta Joseba Barandiaran plazan pilatzen ari gara edukiontzien inguruetan oker utzitako hondakin eta poltsak.
Poltsa horietan hondakin asko dira bereiztu beharrekoak. Sentsibilizazio ekintza honekin edukiontzi inguruetako arazoa plazara ekarri nahi izan dugu, denok arazoaz jabetzeko.
Ondoren, poltsa eta hondakin horiek guztiak sailkatu eta pisatu egingo ditugu, hobetzeko zer dugun erakusteko.
Jarraian, otsailaren 17ko astean hondakinak egoki bereizteko informazioa biltzen duen esku-orria banatuko dugu etxebizitza guztietan. Guztion eginbeharra da hondakinak ondo sailkatu eta bakoitza bere edukiontzian uztea.