Albisteak
Atzealdea Hondakinen prebentziorako astea: azaroaren 24tik abenduaren 1era
2020·11·23
Hondakinen prebentziorako astearten helburua da astebetez baliabide iraunkorrei eta hondakinen kudeaketari buruzko ekintzak sustatzea eta ezartzea: prebentzioaren, birziklapenaren eta berrerabilpenaren gainekoak, besteak beste.
Herritarrei zuzenduriko kanpaina
Erosketa ohituretan eragitea da kanpaina honen helburua eta hondakinik sortu gabe erosketak egin daitezkeela ikusarazteko egindakoa. Horretarako, herriko saltokietan erosketa jasangarriak ahalbidetuko dituzten produktuen loteak zozketatuko dira.
Bezero batek erosketa jasangarri bat egiten duenean, hau da, etxetik bere poltsa edota tupperra eraman, bildukirik gabeko produktuak hautatu, eta antzerakoak, dendariak zozketa batean parte hartzeko aukera emango dio.
Komertzio parte-hartzaileek kutxatxo bat jarriko dute mostradorean eta bertan jasoko dituzte bezeroek betetako txartelak (beren telefono eta izen-deiturekin). Astea bukatzerakoan txartel bat ausaz hautatu eta irabazleari deituko dio komertzioak berak saria jasotzeko. Establezimendu bakoitzak sari bat emango du, plastikorik gabeko eramateko produktuez osatutako lote txiki bat.
- Bezeroek parte-hartu ahal izateko bete behar dituzten baldintzak:
- Erositako produktua(k) eramateko plastikozko edota bestelako materialez egindako poltsarik ez eskatzea erosketa egiterakoan.
- Elikagaiak pisatzeko garaian plastikozko poltsarik ez erabiltzea.
- Etxetik ekarritako tuperra erabiliz, produktua(k) inolako bilgarririk gabe erostea (paperezko edo beste materialez osatutako bilgarririk gabe). Produktu(ar)en izaeraren arabera bilgarria nahitaez erabili behar bada, bezeroak etxera ahal den eta paper bilgarri gutxien eramatea da asmoa.
Astigarragako Herri Eskolako LHko haurrentzat zuzenduriko kanpaina
Ekimen honen bidez, haurrek eskolan egiten dituzten hamaiketakoen ohituretan eragin nahi da eta ikusarazi plastikorik edota aluminiozko bilgarririk gabeko hamaiketakoak erabiliz, hondakin kantitate handiak saihestu daitezkeela. Horretarako, LHko ikasleen artean hamaiketako jasangarriak ahalbidetuko dituzten argizarizko 660 oihal banatuko dira.
Astigarragako Herri Eskolako LHko ikasleei udaleko hondakin hezitzaileak eta ingurumen teknikariak banatuko dizkiete argizarizko oihalak.
Banaketa egiterakoan, ikasgelan hondakinen hierarkia eta hauen prebentzioa lantzeko probestuko da, gaiaren inguruko ondorengo ildoak ikasleei labur azalduz:
- Zer da prebentzioa? Gure egunerokoan, hondakinik ez sortzeko ohiturak hartzea (eskolan, etxean, erosketak egitean, kuzinatzean, lagunekin jolasean, etab.).
- Kontzeptua ikasleek hobeto barneratzeko, ondorengo galdera planteatuko zaie: Zer egingo zenukete zuen egunerokoan hondakinik ez sortzeko?
- Zergatik hondakinik ez sortu?
- Ingurumena zaintzeko eta etorkizun duin bat izateko (klima aldaketaren garrantziaazpimarratuz).
- Baliabide ez berriztagarriak (edota berriztagarriak) ez xahutzeko.Modu honetan, energetikoki kostu gutxiago izango genuke (produktua sortu behar ez delako, kamioiek garraiatu behar ez dutelako, hondakinen tratamendurako plantetan eraldatu behar ez delako, etab.). Beraz, ekonomikoki ere merkeagoada.
- Garapen bidean dauden herrialdeei errespetua eta elkartasuna erakusten diegulako.
Zalantzaren bat baduzu edo informazio gehiago nahi baduzu jarri Udaleko hondakin bulegoarekin harremanetan:
- Telefonoz: 900 102 838/ 617 295 378
- e-mailez: hondakinak@astigarraga.eus