Albisteak

Atzealdea Hondakinak biltzeko jardunaldi arrakastatsuak

18
Gaea elkarteak martxan jarritako eta Udalak babestutako “Zabor Harrapakariak” ekimenaren baitan, bi garbiketa-jardunaldi egin dira ekainean Astigarragan. Alde batetik, herritarrek Andre Gobadarien parkea garbitu zuten, eta bestetik, Herri eskolako ikasleek herriko ibaiadarrak garbitu zituzten.

2021·06·15


Bi ekimenak oso arrakastatasuak izan dira, eta bietan jende asko bildu da. Lehenengo jardunaldian, 120 pertsonatik gora bildu zen Andre Gobadarien parkea garbitzeko; bigarrenean, 355 ikasleek hartu zuten parte herriko ibaiadarretako hondakinak jasotzen, LH1etik LH6ra, hain zuzen ere. Ikasleek garbitu zituzten errekak hauek izan ziren: Oialume, Petritegi, Galtzaur, Mundarro eta Goiko Iturri.

Jasotako hondakinak

Bi jardunaldietan hondakin asko jaso zen. Andre Gobadarien parkean jasotakoaren artean, hauek dira nabarmentzekoak: textila (alfonbra handiak, obretako txalekoak, obretako trajeak…), kable ugari, etxeko elektrotresna txikiak (kafetera, DVDak…), eta baita errefuxa ugari ere. Herriko errekei dagokionean, nahiz eta ikasleek erreka zati txikiak garbitu zituzten, hondakin kopuru handia bildu zuten. Ia ez zen sailkatzeko moduko hondakinik bildu, gehiengoa nahasian eta zikin atera baitzen. Jasotakoetatik nabarmentzekoak, esaterako, Oialume errekatik ateratako aulkiak eta alfonbra, eta baita, Petritegi errekatik ateratako obretako piboteak eta zabor poltsa handia.

Balorazioa

Bi jarduerek arrakasta handia izan zuten, bai parte-hartzaile kopuruagatik, baita jasotako zabor kopuruagatik ere.

Parte hartu zuten guztiak pozik agertu dira: antolatzaileak, parte hartu zuten herritarrak, ikasleak eta baita Udala ere.

Jarduera hauen helburua gune horietatik ahal den zabor guztia ateratzea izan da, baina baita herritarrak, eta bereziki, haur eta gazteak kontzientziatzea ere, ingurumen gaietan sentsibilizatzea.

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18