Albisteak

Atzealdea Hobekuntza ugari kiroldegian 2020. urterako

Urriaren 29an Astigarragako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordean eta Osoko Bilkuran kirola, ariketa fisikoa eta kiroldegiari dagozkion gai garrantzitsuak onartu zituzten.

2019·10·31


Alde batetik, brigadarentzat lokal berria erostea onartu zen. Troia ibilbidean lau lokal erosiko dira, guztira 915,09 metro karratuko azalera izango dutenak (719.718,28 euroko inbertsioa). Horrek, egun brigadak kiroldegi azpian duen lokala hustu eta kiroldegirako erabili ahal izatea ahalbidetuko du. Udal Osoko bilkurak 2016ko azaroan onartu zuen brigadaren lokal berri bat eskuratzea, baina gobernu aldaketa gauzatu behar izan da konpromiso honi erantzuteko. Brigada kiroldegi azpitik ateratzea, batetik, kiroldegia handitzeko espazio berria ahalbidetuko du eta bestetik, brigadakoen joan etorria kenduta, oinezkoen eta batik bat haurren (inguruan musika eskola, kiroldegia eta eskola daude) segurtasuna areagotuko da.

Bestetik, kiroldegian aireztapen eta klimatizazio sareak hobetzea onartu zen, beharrezkoak diren hargune elektrikoak eta aire- girotuaren kaxa elektrikoa berritzeaz gain, airea girotzeko ekipamenduak instalatuko dira zumbako gelan, gimnasioan, tatamiko gelan eta entrenamendu pertsonaleko gelan. 2018ko irailean, gehiegizko beroak eraginda, arazo larriak izan ziren hainbat ikastaroetan eta Udal Gobernu berriak horiei guztiei behin-betiko soluzioa ematea erabaki du. Udarako prest egongo dela aurreikusten da.

Horretaz gain, Osoko Bilkuran onartu ziren 2020ko aurrekontuetan, kiroldegiaren hobekuntzarako eta herritarren nahi eta beharrak asetzeko partidak aurreikusi dira.  Alde batetik, muskulazio gelan bizikleta estatiko berriak jartzeko 12.000,00 euro erabiliko dira, eta igerileku txikia handitzeko 50.000,00. Bestetik, 2020. urtean Udal Gobernuak  kiroldegia berritu eta igerileku estalia egiteko bideragarritasuna aztertzeko proiektua egingo du, eta horretarako ere diru kopuru bat aurreikusi du.