Albisteak

Atzealdea Hezkuntza Sailak oniritzia eman dio DBHko ikastetxea Mendiaundi-Aranibarreko orubean eraikitzeari, udalak urbanizazio lanak egitearen baldintzapean

Hezkuntza Sailak eta Udalak urtarrilaren 10ean egin zuten bilera eta bertan udalak ikastetxea orube horretan eraikitzeko proposamen landua aurkeztu zion, irisgarritasun eta azalera arazoak konpontzen dituena.

2020·02·27


Aurrekariak: 2019ko uztaileko bilera

Hezkuntza Sailak 2019-05-20an idatzia helarazi zion Astigarragako Udalari adieraziz Mendiaundi-Aranibarreko orubeak irisgarritasun eza eta malda handiak zituela eta, beraz, eskatu zion lur eremu aproposago bat aurkitzeko.

Astigarragako Udalak bilera egiteko eskatu zion, gaia elkarrekin aztertu eta argitzeko. Bilera hori 2019ko uztailaren 9an egin genuen. Bilera horretan udalak aurkeztu zituen bi dokumentu nagusi: udal arkitektoaren txostena, adierazten duena orubea irisgarria dela eta azalera nahikoa duela eta, bestetik, aholkulari juridikoaren txostena, adierazten duena Mendiaundi-Aranibarreko orubea dela epe labur edo erdira eta Plan Orokorra aldatu gabe lur-eremu bakarra.

Gaia aztertu ondoren, bilera horretan adostu genuen udalak azterlan bat egingo zuela orube horren irisgarritasun eta azaleraren inguruko proposamen zehatzarekin eta urbanizazio lanen proposamenarekin eta beste bilera bat egingo genuela urtea amaitu aurretik. Bilera hori 2020-01-10ean egin dugu.

Udalaren lanketa

2019ko uztailetik abendura bi gai horiek landu ditu udalak. Alde batetik, orubearen irisgarritasun oztopoei irtenbideak emateko neurriak aztertu dira eta, bestetik, DBH-batxilergoko ikastetxe baten beharrei erantzungo liekeen eraikinaren lehen proposamena landu da, Hezkuntza Sailak eskuratutako ikasle kopuru eta espazioen beharrak kontuan hartuta.

Beste alde batetik, goi tentsioko linea lurperatzeko proiektua landu eta adostu da Iberdrolarekin (urbanizazio lan horiek 400.000 inguruko kostua izango dute).

2020ko urtarrilaren 10eko bilera

Urtarrilaren 10eko bileran aipatutako proiektu eta azterlanak aurkeztu zizkion Udalak Hezkuntza Sailari. Gaia aztertu ondoren, honakoa adostu genuen:

  • Hezkuntza Sailak adierazi du DBHko ikastetxea egiteko Mendiaundi-Aranibarreko eremua onartuko duela, udalak goi tentsioko linea lurperatzeko eta irisgarritasun gabeziei aurre egiteko urbanizazio lanak egiteko baldintzarekin. Erabaki hori idatziz jakinarazteko konpromisoa hartu zuen Hezkuntza Sailak (2020-02-17ko idatzia, 79214 irteera zenbakia).
  • Elkarlanean jarraitzea, ikastetxearen beharrak zehaztu eta dimentsionatzeko: zehaztu behar da batxilergoa bai ala ez, abiapuntuko beharretatik abiatuta etorkizunean handitzeko aukera ematen duen eraikina izatea eta abar. Hurrengo bilera Aste Santua baino lehen egitea adostu genuen, bereziki ikastetxearen dimentsionamenduaren gaia erabakitzeko.
  • Astigarragako Udalak konpromisoa hartu du urbanizazio lanak abian jartzeko (goi tentsioko linea lurperatu eta zerbitzuak oruberaino eramatea).

Udalaren balorazioa

Udal gobernuaren iritziz, urtarrilaren 10eko bileran egindako urratsa aurrerapauso handia da Astigarragan DBHko ikastetxe bat edukitzeko bide luzean, izan ere Mendiaundi-Aranibarreko orubea ontzat eman du Hezkuntza Sailak, udalak urbanizazio lanak egitearen baldintzarekin.

Uztailetik aurrera egindako txosten, proiektu eta lanketekin aurrerapauso handia egin dugu lehenbailehen orubea prest edukitzeko eta Hezkuntza Sailaren esku uzteko. Udalak urbanizazio lanak egiteko proiektuak amaitzear ditu eta aurreikusten dugu 2020ko urte amaierarako orubea Hezkuntza Sailari laga ahal izango diogula.

Horrekin batera, aldi berean, oinarrizko proiektua landuko dugu udalak eta Hezkuntza Sailak, ikastetxearen beharrrak zehaztu eta eraikinaren tamaina eta dimentsionamendua zehazteko.