Albisteak
Atzealdea

Herritarrak haserre Foru Aldundiak martxan jarri duen autobus zerbitzu berriarekin

Udalak deituta, herritarren bilera irekia egin da, Foru Aldundiak martxan jarri duen hiri arteko autobus zerbitzu berria dela eta. Antzokia herritarrez bete da. Plataforma bat sortu eta mobilizazioak antolatuko dira.

2021·07·08


2021eko uztailaren 7an, arratsaldeko 18:30ean, Udalak deituta, herritarren bilera irekia egin da, Foru Aldundiak 2021-07-01ean martxan jarri duen hiri arteko autobus zerbitzu berria dela eta.

Antzokia herritarrez bete da (80 pertsona inguru) eta hainbat pertsona sartu ezinik geratu da.

Udalaren izenean hitza hartu dute Xaier Urdangarin alkateak eta Andoni Gartzia Hirigintza eta Mugikortasun zinegotziak. Ondoren herritarrei eman zaie hitza, beren iritzi, kexa eta ekarpenak egiteko. Ondoren daude laburbilduta Udalak emandako azalpenak, herritarrek adierazitakoak eta aurrera begirako proposamenak.

Bileran argi geratu da, batetik, uztailaren 1ean Aldundiak martxan jarritako autobus zerbitzuari buruzko herritarren eta Udalaren haserrea eta, bestetik, herritarren eta udalaren borondate eta gogoa egoera horri aurre egiteko bide guztiak lantzeko: ekimen instituzionalak, herritarren mobilizazioa...

Bileran esan eta adostutakoak laburbilduta Udalaren azalpenak

  • A1-A2 (orain BU12-BU13) autobus zerbitzuen erantzukizuna Foru Aldundiarena eta Lurraldebusena da. 
  • Foru Alundiak ez ditu aintzat hartu Astigarragako udalaren ekarpen eta iritziak.
  • Zerbitzu berriari buruzko informaziorik (ordutegi eta ibilbide zehatzak) udalak ez du jaso ekainaren 29ra arte, nahiz eta behin eta berriz eskatu emailez eta telefonoz.
  • Lehen zegoen zerbitzuak ez zituen betetzen astigartarren garraio publikoko beharrak (horren lekuko dira 2020an zehar eta 2021eko ekainaren 30era arte astigartarrek eta Astigarragako Udalak Foru Aldundiari eta Lurraldebusi bidalitako kexa eta erreklamazioak).
  • Zerbitzu berriarekin Foru Aldundiak %20 murriztu du Astigaragako lineen bidaia kopurua.
  • Murrizketa hori egin da azken hamarkadan Gipuzkoan biztanle kopuruaren hazkunderik handiena izan duen herrian.
  • Zerbitzu berriaren lehen egunak kaos hutsa izan dira. Udalak erreklamazio eta kexa pila bat jaso ditu eta Foru Aldundira eta Lurraldebusera bideratu ditu.
  • Udalak bide instituzionala lantzen jarraituko du egoera konpontzeko ahalegin osoa eginez: ekainean mozioa onartu zuen, Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Zuzendaritzari bilera eskatu zion joan den astean, beste bide batzuk ere jorratzen ari da…
  • Bide instituzionalaz gain beharrezkoa da herritarren mobilizazioa, udalarne eta herritarren artean helburua lortzeko: Foru Aldundiak astigartarrei garraio publikoko zerbizu egoki eta duina eskaintzea, astigartarren beharrei erantzungo diena.

Herritarren kexak eta iritziak

  • Zerbitzu berriaren informaziorik ez da eman garaiz eta argi.
  • Zerbitzua ez da ordutegiak betetzen ari, atzerapenak oso handiak dira.
  • Autobusa atzerapen handiekin dabil eta gero, batzuetan, jarraian bi etortzen dira.
  • Ezin da jakin autobusa noiz etorriko den eta ezin dira bidaiak eta beste garraio batzuekin egin beharreko transbordoak antolatu (topoa, beste autobus lineak…).
  • Jende asko lanera berandu iritsi da, autoa erabili behar izan du…
  • Ezin da ulertu 2014tik zerbitzu bera edukita orain murriztea. Lehen ere zerbitzua eskasa zen eta herritarren beharrei ez zien ernatzuten. 2014tik gaur arte Astigarragan 1.700 biztanle gehiago gara eta autobus zerbitzua %20 murriztu du Foru Aldundiak. Ulertezina da. Astigarragak garraio publikoko zerbitzu hori baizik ez du eta murriztu egin dute.
  • Errefortzuko zerbitzuen antolaketa zentzugabea da.
  • Ikasturte hasierari begira, herritarren kezka izugarria da.
  • Herri barruko geltokiak kentzea ez da onargarria.
  • Donostian kendu diren geltokiekin ezinezko egiten da hainbat puntutara lanera garaiz eta egoki iristea.
  • Donostiatik Astigarragara itzultzeko azken zerbitzua aurreratu egin da eta horrek zerbitzurik gabe uzten ditu Donostian merkataritzan lan egiten duten pertsonak.
  • Asteburuetako murrizketekin (ordueroko maiztasuna) asteburuetan Donostian lan egiten duten pertsonen garraio publikoko beharrak ez dira betetzen.
  • Ezinbestekoa da kexa eta erreklamazioak Foru Aldundiari eta Lurraldebusi jakinaraztea.
  • Laburbilduz:
    • Aurreko zerbitzuak ez zituen astigartarren garraio publikoko beharrak betetzen, eta berriak are eta gutxiago.
    • Biztanle kopurua nabarmen hazi da eta garraio publikoaren zerbitzua aldiz nabarmen murriztu.
    • Zerbitzu berrian %20 murriztu da bidaia/espedizio kopurua.
    • Astigarragak garraio publikoko beste zerbitzurik ez du.

Proposamenak eta erabakiak

Honako proposamenak egin eta onartu dira 2021-07-07ko batzarrean:

  • Bileran esan eta adostutakoa herritarrei jakinaraziko die udalak, webgunearen bidez.
  • Bertaratutakoek eta udalak herri plataforma osatu dute, helburu garbi batekin: Foru Aldundia behartzea astigartarrei garraio publikoko zerbizu egoki eta duina eskain diezaien, astigartarren beharrei erantzungo diena.
  • Herritarren mobilizazioa sustatuko du plataforma horrek.
  • Plataforma horren ekimenak antolatzeko talde bat osatu da (batzarraren amaieran izen-abizenak eta harremanetarako datuak jaso dira).
  • Talde horrek lehen bilera lehenbailehen egingo du.
  • Foru Aldundiari Udalak bilera egiteko eskaera egin zion joan den astean. Bilera horretara udal ordezkariak eta plataformaren ordezkariak joango dira.