Albisteak

Atzealdea Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleek larreei eta zelaiei buruz egindako lana aurkeztu dute Udaletxean

3
Atzo, Xabier Urdangarin alkateak eta Izaskun Txintxurreta ingurumen teknikariak, ikasle talde batekin eta Herri Eskolako ordezkariekin batera, Eskola Agenda 2030eko udal foroa ospatu zuten udaletxeko Pleno Aretoan.

2022·05·20


Urteroko ohiturari jarraituz, Lehen-hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleek udal ordezkariei ikasturte honetan zehar landutako gaiari “Larreak, zelaiak eta landare-itsutasuna” lotuta egindako lana aurkeztu zuten Udaletxeko Pleno Aretoan.

Lan hori burutzeko hainbat jarduera burutu dituzte ikasturtean zehar:

  • Eskolako diagnostikoaren lanketa egitea.
  • Herriko berdeguneen egoera zein den aztertzea; horretarako, ikasleek zenbait irteera egin dituzte herrian zehar: Murgia parkean, Jose Elzo plazatik gertu dagoen parkean, Andre Gobadarien ibai parkean...
  • Sentsibilizazio-ekintzak antolatzea: “Loratu herria” proiektua, ilarraren baratzera bisita, herri-baratzeetara bisita...
  • Ikasleen parte-hartzea bultzatzea (ikasleen foroa ospatuz edo gaurko ez-ohiko udalbatzan parte hartuz) izan dira burututako jardueretako batzuk.

Lana aurkezteaz gain, Eskolak hartuko dituen konpromisoak zeintzuk diren azaldu zuen; hala nola: gure herriko natur ondarea ezagutzen jarraitzeko irteerak eta ikastaroak egitea, Udalak antola ditzakeen naturaren babeserako eta lehengoratzeko ekintzetan parte hartzea, Udalarekin batera eskolako ingurunean elementu natural gehiago sartzeko lanketa bat egitea, herri guneko eta landa eremuko ekosistema ezberdinak zaintzea (zelaiak eta larreak, basoak, …).

Ondoren, ikasleek eskola-ingurunea eta herriko natura-ondarea zaintzeko eskaerak ere aurkeztu zizkieten udal-ordezkariei, eta alkateak horietako bakoitzari buruzko azalpenak eman zituen. Hauek izan dira eskaera nagusiak :

  • Zakurren gorotzak topatu daitezkeen herriko toki zehatzetan (haurrak jolasean ibiltzen diren guneetan, esaterako) neurriak martxan jartzea: kartelak, txakurren kaka botatzeko zaborrontzi bereziak...
  • Hondakinak lurrera botatzen diren eremuetan neurriak indartzea (adibidez, isunak jarriaz).
  • Herriko naturgune ezberdinetako balioen berri emateko eta horiek babesteko ekintzak antolatzen jarraitzea (guneak garbitzeko egun bereziak, hegaztiak bistaratzeko jarduerak...), eskolarekin eta beste eragileekin elkarlanean. • Astigarragako toki zehatzetan, hegaztiak behatzeko eremuak edo behatokiak jartzeko aukerak aztertzea.
  • Ibai parkeko eremuren batetan umeentzako jolas-parke bat sortzea, elementu naturalekin prestatuta egongo dena. Era berean, gurbil-aulkiak edo umeen aulkiak mahaiak dauden eremura errazago iristeko bideak egokitzen saiatzea.
  • DBHko eraikina izango den tokian natura barneratzeko neurriak jartzea bultzatzea.
  • Eskolarekin batera, eskolako patioan eta inguruetan naturari lotutako elementuak ugaritzeko neurriak martxan jartzea (egurrarekin egindako jolas-eremuak, ahal den tokietan zuhaixkak eta zuhaitzak landatzea, baratzea, “Loratu herria” proiektuak jarraipena izateko baliabideak …) artifizialak diren zenbait elementu kentzeko aukerak ere baloratuz.
  • Ahal dela, eraikin berriak ez eraikitzea edo eraiki beharko balira, naturarekin orekan izan dadila bultatzea.
  • Eraikuntza gehien dauden herriko zonaldeetan berdeguneak edo bestelako elementu naturalak barneratzen joatea.

Hurrengo 2 ikasturteetan Eskolako Agenda 2030 hezkuntza-programaren baitan energiaren gaia landuko dute Herri Eskolako ikasleek.

1 2 3