Albisteak
Atzealdea Herri Eskolako eko-ordezkariak udal ordezkariekin bildu dira ikasturte honetako azken Udal Foroan
2025·06·06
Ekainaren 4ean Astigarragako Herri-Eskolako eko-ordezkariak Xabier Urdangarin Lasa alkatearekin; Andoni Gartzia Arruabarrena ingurumen zinegotziarekin; eta Amaiur Esnaola Illarreta ingurumen teknikariarekin bildu ziren udaletxeko areto nagusian, Eskolako Agenda 2030en baitan eta zehazki, mugikortasunaren gaiari lotuta, ikasturtean zehar egin duten lanaren berri emateko eta hurrengo ikasturtera begira egingo dituztenak aurreratzeko.
Asteazkeneko saioan Astigarragako Herri Eskolako familien eguneroko joan-etorrietako ohiturak ezagutzeko asmoz udazkenean online galdetegiak prestatu eta emaitzak aztertu dituztela azaldu zuten ikasleek. Horrekin batera, ikasturtean zehar ingurumenaren arloan gauzatutako beste proiektu batzuen inguruan ere aritu ziren eko-ordezkariak (liztor beltza espezie inbaditzailearen aurkako proiektua, herri-baratzeetara antolatutako bisitak, etab.). Era berean, otsailean eta martxoan zehar herriko auzo guztietako mugikortasunari lotutako alderdi ezberdinak aztertzeko asmoz antolatutako kale-ikerketen emaitzak aurkeztu zizkieten udal ordezkariei. Izan ere, lanketa hau aurrera eramateko orduan, Lehen-Hezkuntzako 1. mailatik hasi eta 6. mailara bitarteko ikasleek parte hartu dute eta auzoetako egoera behatzeaz gain, Udalari zuzendutako konponbide posibleak mahai gainean jarri zituzten.
Udal Foroarekin amaitu aurretik, ikasleek udal ordezkariei hurrengo ikasturtean etxetik eskolara joateko bide seguruen ekimena (“Oinbusa” deiturikoa) Udalarekin batera aurrera eraman nahiko luketela adierazi zuten eta udal ordezkariek hori egiteko prestutasuna agertu zuten. Bukatzeko, alkateak eta ingurumen zinegotziak hurrengo urteei begira herrian aurreikusten diren mugikortasunari lotutako hobekuntzak azaldu zizkieten eko-ordezkariei.